Suziri jaurtigile batek izandako istripua bi batzordetan aztertzeko galdegin du PSE-EEk
Aurtengo madalenetan izan da gertakaria; suziri jaurtigile batek istripua izan eta ezker eskuan erredurak eragin zizkion.
Aurtengo Madalenetako suziria. Madalenen barruan suziri jaurtigile batek izandako istripuaren inguruan azalpenak eskatu ditu PSE-EEk. Suziri jaurtigileari erredurak eragin zizkion ezker eskuan istripuak, eta osasun arreta behar izan zuen.
Gertatu zena, eta halako egoerei aurre egiteko neurri eta bitartekoak ba ote dauden aztertzeko gertakaria bi batzordetan aztertzeko eskatu du PSE-EEk. Hori horrela, eta beti ere alderdi horren hitzetan, Herritarren batzordeak hilaren 21ean, eta Antolakuntza batzordeak hilaren 23an, gertatutakoa eta haren ingurukoak aztertuko dituzte.
Sozialistek adierazi dute, “prebentzio neurrietan hutsuneak” antzeman direla, “udalak egindako txostenean azaltzen delako postuak ez zeukala arriskuen azterketa zehatzik, ezta NBE Norbera Babesteko Ekipamendurik esleiturik ere”.
Hori horrela, gertatutakoa argitu “eta batez ere berriro errepikatu ez dadin” ezinbestekoa jo du gaia bi batzorde horietan aztertzea.
