Autobus zerbitzuak "okerrera" egin duela salatu du Ezker Anitza-IUk
Zenbait lineetan ordutegiak aldatu eta maiztasunak murriztu ondoren, udalari garraio publiko duina bermatzeko exijitu diote.
Autobusa San pedron.Pasaiako Udala Ezker Anitza-IUk salatu du Pasaiako lau barrutiak Donostiarekin lotzen dituen autobus zerbitzuak “okerrera” egin duela, ordutegiak aldatu eta maiztasunak murriztu ondoren “Beste behin ere emakidak aldatzen dira, teorian, Gipuzkoako garraio publikoaren zerbitzua hobetzeko, baina Pasaian okertu egin da, batez ere San Pedro, Trintxerpe eta Donibaneko barrutietan”, adierazi du alderdiak.
Bide horretan, Ezker Anitza-IUk desadostasuna adierazi du aldundiak E09 linearen ordutegiak aldatzeko hartu duen erabakiarekin. Linea horrek San Pedro eta Donostia lotzen ditu, eta aldaketak urriaren 1ean indarrean sartuko direla baietsi du alderdiak. “Egindako aldaketak oso urrun daude maiztasunak murriztean Pasaiako bizilagunentzako garraio baldintzak hobetzetik”.
Horrez gain, San Pedro eta Antxo ospitaleekin lotzen zituen autobus linea ere kendu izana salatu du Ezker Anitza-IUk, San Pedro eta ospitaleetara murriztuta geratuz. “Ibilbidea azkarrago egingo bada ere, barrutiak komunikatzeko aukera kentzen da. Ezin dugu ahaztu linea horrek aukera ematen ziela San Pedro eta Trintxerpeko erabiltzaileei Herrerako topora edo Renfera hurbiltzeko, eta, beraz, intermodalitatea murriztuta geratzen da”.
“Onartezina iruditzen zaigu herritarrek garraio publikoa gehien erabiltzen dutenean maiztasuna murriztea erabakitzea, handitu beharrean”, deitoratu du Ezker Anitz-IUk. Hori dela eta, alderdiak Pasaiako Udalari exijitu dio barruti guztietako bizilagunei “garraio publiko duina bermatzea, aldundiak horietan murrizketak egiten utzi beharrean”.
Oarsoaldea-Bidasoari alegazioak
Ezker Anitza-IUk alegazioak aurkeztu zizkion 2022an Oarsoaldea-Bidasoa errepideko hiriarteko garraioa eta Donostiarekiko loturak emateko aurreproiektuari, besteak beste “zerbitzua publifikatzea eskatzeko, eta zerbitzuaren hasierako era bukaerako ordutegiak hobetzea eskatzeko, goizaldean edo gauez sartzen eta irteten diren langileen eskaerari erantzun ahal izateko”.
Bukatzeko, honakoa adierazi du alderdiak: “Mugikortasunaren astea hasi da Pasaian, eta, garraio publikoan, herritarren mugikortasuna hobetzeko neurri errealen ordez, argazkiak ditugu berriro”.
