Beraungo kirol taldeen biltegiratze eta erabilera guneak berrantolatu ditu udalak
Errenteriako Udalak Mikel Odriozolaren estadioan eta Beraungo futbol zelaian kirol klubei zuzendutako espazioen edukiera eta antolaketa hobetzeko jarduera burutu berri du.
bi edukiontzi jarri ditu udalak, materiala gordetzeko. Errenteriako Udalak Mikel Odriozolaren estadioan eta Beraungo futbol zelaian kirol klubei zuzendutako espazioen edukiera eta antolaketa hobetzeko jarduera burutu berri du. Gobernu taldeak udalerriko kirol erakundeekin duen konpromisoari erantzuten diola jarduketak azaldu du udalak, bai eta jarduerak behar bezala garatzeko behar dituzten baliabideak emateko beharrei ere.
Bi itsas edukiontzi berri erosi ditu horretarako, eta barruko espazioak birbanatu eta berrantolatu ditu, instalazioen aprobetxamendua optimizatzeko eta haien funtzionaltasuna hobetzeko:
“Berregokitutako bi itsas edukiontzi berriak, bakoitza 20 oinekoa, erresistentzia handiko corten altzairuzkoak dira, eta bereziki egokitu dira kirol-materiala, ekipamendua eta erremintak modu seguruan biltegiratzeko”.
Instalazioa egitean, lehendik zeuden azpiegiturak errespetatu direla gaineratu du, eta haien estankotasuna eta kanpoko baldintzen aurreko erresistentzia bermatu direla.
Aldi berean, “udal baliabideen aprobetxamendua ahalik eta handiena izan dadin”, biltegiratze espazioak berrantolatu ditu Mikel Odriozola estadioan. Birbanaketa horri esker, instalazio horiek erabiltzen dituzten kirol klubek gune irisgarriagoak izango dituztela, beren eguneroko behar logistikoetara egokituak eta ordenatuak, eta, hala, materialaren kudeaketaren eta biltegiratzearen eraginkortasuna hobetuko dela sinistuta azaldu da. Espazio horien banaketa klub bakoitzaren behar funtzionalen arabera planteatu du udalak, “elkarte bakoitzak dagoeneko dituen udal baliabideen multzoari erreparatuz eta udalak erakunde erabiltzaile guztiek, gutxienez, administrazio jarduera garatzeko eta funtzionamendurako behar duten materiala biltegiratzeko oinarrizko espazioak izateko duen betebeharrari erreparatuz”.
Leire Mazizior Kiroletako zinegotziak azpimarratu du esku hartze horiek “funtsezkoak” direla Errenteria-Oreretan kirola egiteko baldintzak hobetzen jarraitzeko. “Gure helburua da kirol klubek espazio egokiak izatea beren jarduera garatzeko eta beren materiala kudeatzeko. Edukiontzi horiek instalatzeak eta espazioak berrantolatzeak dauden biltegiratze beharrei erantzuteko aukera ematen digute, eta, aldi berean, udal baliabideen banaketa orekatuago baterantz aurrera egiteko aukera”, adierazi du.
