"Zein ederra izango den zurekin euskaraz aritzea!"
Antxoko herritar talde batek gonbita egin die barrutiko denda, ostalaritza edo bestelako saltokietako arduradun eta langileei euskararen aldeko urratsa egin dezaten.
Eskutik eskura ematen ari dira gonbit eta informazio orria. Antxoko herritar talde batek gonbita egin die barrutiko denda, ostalaritza edo bestelako saltokietako arduradun eta langileei euskararen aldeko urratsa egin dezaten. Uste dute eguneroko erosketa eta bestelakoetan bertako hizkuntzaren presentzia handiagoa izan behar dela, ulertuta herria euskalduntzeko bidean merkatari eta ostalariek ere euren ekarpena egin dezaketela. Horregatik, dendaz denda eta tabernaz taberna desio eta informazio esku-orria banatzen ari dira. “Zein ederra izango den zurekin euskaraz aritzea!”, du izenburu euskarriak.
Antxotar talde horrek esan du herrian euskarak duen egoerarekin “larrituta” dagoela, eta biltzen hastearekin batera kalera begirako lanketekin ere hasi direla. Testuinguru horretan ulertu behar da dendariei eta ostalariei zuzendu izana. “Orain herriko merkatariekin hitz egiten ari gara, euskara erabili ahal izateko elkarri laguntza emateko. Euskara ikasteko ala zure ezagutza hobetzeko gogorik ote duzun galdetu nahi dizuegu, zuen beharrak eta gogoak ezagutu, eta aukera berriak azaldu nahi dizkizuegu”.
Hala, establezimenduetako langileei emandako informazio orrian azalduta dago jada euskaltegietan izena emateko epea zabalik dela, eta Antxon zehazki hurbil-hurbil dutela Txirrita AEK euskaltegia. Gainera, matrikulazio tasa 90 eurotik gorakoa izan arren, ikasturtea bukatutakoan horren %100 itzultzen dela adierazi dute egitasmoaren bultzatzaile diren antxotarrek, Pasaiako Udalak merkatari eta ostalariei begirako ikastaroak diruz laguntzen dituelako. “Gainera, eskaintza zabal eta moldagarria du AEK-k”. Hala, establezimenduetako ordezkarien beharrak ezagutzeko galdetegi antzekoa prestatu dute herritarrek. Hemen klik eginda hara joan daiteke.
Informazio gehiagoren bila Txirrita AEK-ra joan daitekeela zehaztu du herritarren taldeak, eta 688 647 159 telefono zenbakira deituta ere argibideak jaso daitezkeela. Gainera, oroitarazi dute Pasaiako Udalak establezimenduen errotuluak eta ostalarien kasuan kartak euskaratzeko zerbitzua duela.
