Adimen Artifizialaren erritmo bizian bizitzen
HITZAk eta Torrekuako eragileek hasitako elkarlanaren harira, TEKSeko Mattin Solis Uitzik Adimen Artifizialaren gaineko azalpenak eman ditu.
Udarak sarri erakusten digu gure egunerokoan beste erritmo batean bizi gaitezkeela. Gainontzeko urtaroetan, dena bilakatzen da presa, abiadura eta berehalakotasuna. Denbora urrea dela diote, eta azken urteetan horrela izaten ari dela ematen du lan esparruan ere. Teknologia digitalek asko aurreratu dute azken urteetan, eta horiek lagungarriak izan dira gure lanetan produktibitatea handitzeko.
Teknologia berrien artean bat nabarmendu beharko banu Adimen Artifiziala da, bilakaera handia izan baitu urte gutxitan eta, gaur egun, gauza askotarako erabiltzen da. Tresna orokorren artean ChatGPT, Gemini edo Claude bezalako tresna pribatiboak dira ezagunak.
Nora joan ez dakigunean, txati-ri galdetu diezaiokegu proposamen batzuk egiteko. Etxerako lanak egiteko zailtasunak ditugunean, hortxe dugu berriz ere txati lana gure ordez egiteko. Lanean ere, bi bezeroren arteko konparaketa egin eta onena zein den erabakitzen laguntzen gaitu; azken finean, «produktibo» izateko lagungarria zaigu.
Edozer egiteko gai ez garenean edo, okerrago, gai garenean baina denborarik galdu nahi ez dugunean, horiek erabiltzera jotzen dugu eta segundo batzuen buruan erantzun bat jasotzen dugu: lehen 30 minututan egiten genuen lan bat, 10 segundo eskasetan egitea lortzen dugu! Horrekin, beste lan batzuk egiten jarri gaitezke (seguru aski, berriz ere, txati erabiliz) eta gure lan jarduna handitu dezakegu. Konturatu gabe, gure lan erritmoak (berez handia izan ohi denak) erritmo are handiagoa hartzen du eta bukle amaigabe batean sartzen gara.
Berdin gomendio eta psikologo lanak egiteko ere. Kontsulta lanak makina adimentsu baten esku uzten ari garenaren sentsazioa dut, eta gure alderdiak galduko ez ote ditugun galdetzen diot nire buruari sarritan.
Gizakiok adimena dugun animaliak garela badiote, hura erabiltzen jarraitu beharko genuke, baita gure lanean ere. Udak beste erritmo batean bizi gaitezkeela erakusten digu eta gure egunerokoan horrela bizitzera ohitu beharko ginateke. Guztia azkar eta segituan egin behar badugu, nik nahiago dut udara amaigabe batean bizi.
