Arkirunekin, lezoarrak pilotara
Hilaren 22rako ate irekien jardunaldia antolatu du herriko pilota klubak. Entrenamenduen gaineko informazioa ere eman du.
2026-2027 sasoia gogoz prestatu du Arkirun Lezoko Pilota Klubak. Herriak esku pilotarekin duen harremana sendotzeko asmoz, beraz, abian den sasoirako dituen asmoen berri eman du herriko pilotazaleen topaguneak. Alde batetik, Arkirunen berri izateko ate irekien jardunaldia antolatu du hilaren 22rako (asteartea); bestetik, izena emango edo eman dutenen entrenamenduen berri ere eman du
Hilaren 22ko ate irekien jardunaldian zalantzan diren haurrek Arkirunen egitekoa zein den ezagutuko dute. Hau da, agerikoa da klubaren zeregina lezoarren artean esku pilota sustatzea dela balioetan oinarritutako eskaintzaren bitartez; asteartean, ordea, egiteko horri informazio zuzena eransteko aukera izango dute 2018an edo lehenago jaio direnek, haientzako baitago bideratua Koldobike Gezala pilotalekuan egingo den saioa: 17:00etatik 18:00etara izango da. Arkirunekin telefono bidezko harremana egiteko bi zenbaki helarazi dituzte: 663 173 066 eta 634 440 579.
Bestalde, ate irekien saioan klubarekin bat egingo dutenek nahiz jada izena emana dutenek jada badituzte entrenatzeko egun eta orduak. Entrenamendu horiekin hilaren 28an hasiko dira, nesken taldekoak izan ezik, urriaren 13an hasiko direlako.
Honakoak dira entrenamendu saioetako ordutegiak (denak Koldobike Gezala pilotalekuan dira):
- Benjaminak (LH3 eta LH4an dabiltzan haurrak): Asteazkenetan, 18:30etik 19:30era.
- Kimu Mailakoak (LH5 eta LH6an dabiltzan haurrak): Astearte eta ostegunetan, 18:00etatik 19:00etara.
- Haur Mailakoak (DBH1 eta DBH2n dabiltzan gaztetxoak): Astearte eta ostegunetan, 16:30etik 18:00etara.
- Kadeteak: Astelehenetan 17:00etatik 18:30era, eta asteazkenetan 16:00etatik 17:30era. Kategoria honetakoak lehenago hasi dira entrenamenduekin, lehiak hasi dituztelako.
- 16 urtetik gorako emakumeen taldea: asteartetan, 19:00etatik 20:30era.
