Lander Zurutuzaren 'Trumoi-hodeien pean' hilaren 26an aurkeztuko dute
Maiatz argitaletxearekin argitaratu du Zurutuzak poema-liburua. Harekin batera Lucien Etxezaharreta editorea izango da Joxe Luix Agirretxek gidatuko duen agerraldian.
“Gerla, kutsadura, arrazismoa… arrangura handiz jorratzen ditu. Eta hitz lauz idatzitako sentimenduzko mundu berean murgiltzen ditu, bere luma eder eta naroaren bitartez. Liburu hau barne bidaia dela erran behar dugu, gure barneko mundura egindako bidaia zoragarri eta ahaztezina”; hitzok Joseba Aurkenerenarenak dira, Trumoi-hodeien pean poema liburuaren hitzaurre edo aitzinsolasekoak. Liburua Lander Zurutuza Sunsundegi euskal ikerlari, idazle eta Lezoko liburuzainak egin du. Hilaren 26an (larunbata) da aurkeztuko dute liburua Lezon, 12:00etan Kultura Aretoak jasoko duen ekitaldi irekian.
Maiatz argitaletxea arduratu da Zurutuzak egindakoa zabaltzeaz. Horregatik, aurkezpenean Maiatzeko editore Lucien Etxezaharreta ere izango da hizlari. Joxe Luix Agirretxek bideratuko du agerraldia.
Behin aurkezpena eginda, 74 orrialdeko lana salgai izango da, 10 euroan.
