Eguzkia, musika eta erreka, dena Atlantikaldian
Eguerdi polita izan dute errenteriarrek gaur, Atlantikaldiaren harira. Kontzertuak, tailerrak, ur kirolak... Bertan izan da HITZA.
Denentzat da Atlantikaldia. Haurrek, gazteek, helduek… denek dute haien momentua. Atzo kontzertu ederrekin amaitu zuten eguna, eta gaur, eguzkia lagun zutelarik, hainbat gauza egin dituzte goizean. Musika izan da protagonista gaur ere, eta arratsaldean bide berdinean jarraituko dute. Gaur, kontzertu nagusia izango da gauean: Macaco eta Sune. Baina hartara arte, egunaz eta hiriaz disfrutatzeko hainbat aukera antolatu dituzte.
11:30ean hasi dira Ereintzako kalejirarekin batera. Kaleak girotzen aritu dira, jendeari oroitaraziz Atlantikaldia inoiz baino biziagoa dagoela. Ondoren, tailerrek hartu dituzte fokua. Alde batetik, Oyotaku arrain aztarnen tailerra izan da, non pintura arrastoekin tote bag batzuk egin dituzten. Etxeko txikienei zuzendutako egitasmoa izan da. Ondoren, inprobisazio tailerra egin da toki berean. Horiek bukatzean, gaurko protagonista handienetako bat ezagutzeko aukera izan da: Macaco.
Macacori elkarrizketa egin diote, kioskoan, eta haren kontzertuari buruz ez ezik, bere bizitzari eta iritziei buruz hitz egin du abeslariak. Adierazi du nola ez den erraza gaur egungo gorrotoz beteriko munduan alaitasuna zabaltzen saiatzea, edota nola artista askok haien buruan pentsatzen duten, aurrean dituztenak kontuan hartu gabe. Elkarrizketa goxoa eta interesgarria izan da, eta hainbat pertsonek hartaz disfrutatu dute. “Zorte handia daukat, nire publikoa oso hedatua delako. 30 urteko gazteek entzuten naute, baina 80 urtekoek ere. Hori hemen ere ikusten da, zaudetenen artean”, azaldu du Macacok. Gaurko kontzertuari buruz hitz egin du, eta esan du plazer bat dela beretzat Atlantikaldia bezalako espazioetan egotea, makro festibalak alde batera utziz horrelako egitasmoak oso beharrezkoak baitira.
Macacok bere elkarrizketa eskaintzen zuen bitartean, Herriko Plazan argentinar doinuak entzuten ziren. Bitartean folk taldeak Errenteriako Hiriko Bandarekin bat egin du, eta folk doinuak nagusituz, argentinar eta euskaldun abestiak interpretatu dituzte. Plaza jendez bete da, eta euskal kanten eta tango argentinarren artean, eguerdi polit bat igaro dute. Polita eta beroa izan da eguerdia, baina batzuk, ura aukeratu dute horri aurre egiteko. Stand up paddle surf ibilaldiak egin dira Hibaikako pantalanetik portu aldera, hiru aldiz, 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan.
Hona hemen gaur eguerdian HITZAk ateratako argazkiak:
Atlantikaldia egitaraua
Hilak 19, gaur
• 16:00. Itsasargi Nagusitik, Errenteriako altxorrak azaleratzen bisita gidatua.
• 17:00. Herrixkan, dantza afrikar tailerra.
• 17:00. Herriko Plazan, Del Val taldea.
• 18:00. Herrixkan, Andeetako oihartzuna kontzertua.
• 18:00. Herrixkan, itsas zigiluen tailerra.
• 18:00. Kalekaian (Panierren), Unity Battle Exhibition dantza ikuskizuna.
• 19:00. Herriko Plazan, Carla Delgadoren kontzertua.
• 20:00. Herrixkan, Txorinhoren kontzertua.
• 20:00. Itsasargi Nagusian, Selma Uamusseren eta Enekoraren kontzertua.
• 20:30. Kalekaian, Mr. Luken taldearen kontzertua.
• 21:30. Herriko Plazan, Taghfiren kontzertua.
• 22:00. Kalekaian, Vazkezen kontzertua.
• 23:00. Itsasargi Nagusian, Macaco eta Suneren kontzertua
• 00:00. Kalekaian, Siwanabaren kontzertua.
Hilak 20, igandea
• 10:00. Herriko elkarte gastronomikoetan, Sukaldian egitasmoko kulturarteko sukaldaritza tailerrak.
• 10:30. Itsasargi Nagusian (Agirre Lehendakariaren plaza), 5 ateen bila bisita gidatua (euskaraz).
• 12:00. Itsasargi Nagusian, Herri Arte Eskolakoen Konexio bretainiarra ikuskizuna.
• 12:00. Itsasargi Nagusitik, Manchester txikira bidaia bisita gidatua (gaztelaniaz).
• 13:30. Herrixkan, Sukaldian egitasmoaren barruko jarduerak.
