Lezo katalana izan da ordu gutxiz
Caldes de Montbui herriko Escaldats taldea Lezon izan da, Euskal Herriko Castellers Taldearekin batera, haien ikuskizuna eskaintzen. Kultura katalanaren erakusgarri ederra izan da Gurutze Santuaren Plazan bizitutakoa.
Lezoko Gurutze Santuaren Plazara iritsi, eta, ara! Ez al da kazetaria lekuz konfunditu? Ez al dago Katalunian? Castellersak izan dira gaur arratsaldean Lezon; bai, Lezon. Kultur trukaketa ederra; ikasteko eta gutxitan ikusi dezakeguna ikusteko aukera.
17:30ean hasi dira, plazara grallaren eta danborren doinuekin sartuz. Bi alkandora kolore izan dira bertan. Berdeak, katalanak, Caldes de Montbui herrikoak, Escaldats taldea. Bestea, berriz, euskalduna, alkandora granatearekin. Donostian egoitza duen Euskal Herriko Castellers Taldea. Jende anitzez sorturiko taldeak dira. Handienak, indar gehienak dutenak, behean doaz, dorre guztia eusten. Ondoren goraka joan ahala geroz eta pisu gutxiago behar dute, azkenekoak haurrak izanik. Dorre horretan parte hartzen ez duen orok behekoei laguntza eskaintzen die, indarrez erdiguneraka bultzaz.
Denak batera, batak bestea eutsiz, goraka joan dira pixkanaka. Batera egin dute lan, bi kulturen arteko elkarlana irudikatuz. Ederki dakite zer egin behar duten, eta segurtasun osoz igo dira goraino haurrak. Hainbat dorre egin dituzte, lezoarren lilurapean, eta susto txikiren bat izan arren, aparta izan da arratsaldea. Orain, lezoarrek badakite zer diren castellersak eta nola eraikitzen diren.
Parranda ederra dute aurretik herritarrek, gaur, kontzertu handienekin. Skabidean eta Arene 6 taldeak izango dira gaur, baina biharko indarrak gorde beharko dituzte, santakrutzei agur esateko.
Hona hemen gaur HITZAk ateratako argazkiak:
2026ko santakrutzak. Gaurko (larunbata) eta biharko egitaraua.
2026ko santakrutzak. Biharko (larunbata) eta etziko egitaraua.
Bihar (hilak 19, larunbata)
- 19:00. Patata tortilla txapelketa Lope Isasti plazan.
- 20:00 Bada Giro taldearekin erromeria Gurutze Santuaren plazan.
- 20:30. Herri afari autogestionatua Lope Isasti plazan.
- 23:30. Skabidean eta Arene 6 taldeen kontzertua Karlos Saldise plazan.
- Ondoren. DJ Biki Bikiak Karlos Saldise plazan.
Etzi (hilak 20, igandea)
- 10:00. Diana Oidultz taldekoekin.
- 12:00. Inude eta Artzainen desfilea, Lopenetik
- 16:30. Josetxo Etxandi L. Oroitaldiko herri mailako finalak, Josetxo Etxandi pilotalekuan.
- 17:00. Zapotxin pailazoa Gurutze Santuaren plazan.
- 18:30 Erraldoi eta buruhandien kalejira Munttarreko txistulariekin, Karlos Saldisetik.
- 20:00 Oinkari dantza taldearen eta Hika Teatroren Makil hotsak ikuskizuna Goiko Plazan.
- 22:00. Zezensuzkoa, Tomas Garbizu Musika Eskolako bandarekin, Gurutze Santuaren plazan.
