Errenteriako Udalaren lan deialdi baten kontra jarritako helegitea gaur aztertuko du epaitegiak
Udalaren hizkuntza irizpideen kontra jarri zuten helegitea. 25 administrari lanpostu betetzeko LEP Lan Eskaintza Publikoan C1 edo hirugarren hizkuntza eskakizuna eskatzen zien udalak hautagaiei; 'Argia'-k helegitearen atzean euskararen kontrako talde antolatua zegoela adierazi zuen, eta froga ugari aurkeztu ikerketa kazetaritza lan zabala eginda.
Gobernu taldearen agerraldia euskararen kontrako helegitearen harira. Errenteriako Udalaren lan deialdi publikoan jasotako hizkuntza irizpideen kontra jarritako helegitea gaur aztertuko dute epaitegietan. Gaur izango da epaiketa, Donostian, 11:00etan. Joan den martxoan atera zen argitara auzia; Errenteriako Udalak deitua zuen lanpostuko LEP Lan Eskaintza Publikoa bertan behera utzi zuela Errenteriako alkate Aizpea Otaegiren dekretu bidez. Deialdi horretan, 25 udal administrari plaza betetzeko C1 edo hirugarren hizkuntza eskakizuna eskatzen zien udalak hautagaiei betekizun gisa, eta horren aurkako administrazio errekurtsoa aurkeztu zuten.
Lan eskaintzaren deialdia eta oinarriak, berriz, 2025eko azaroaren 12an onartu ziren alkatetzaren dekretu bidez, hilabete beran argitaratu zituzten Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta abenduaren 4an Espainiako Estatuko aldizkari Ofizialean. deialdia eta oinarriak baina aurkeztutako errekurtsoarekin inpugnatu egin zituen Donostiako Auzialdiko 3. Epaitegiko Administrazioarekiko Auzietarako atalak, C1 edo hirugarren hizkuntza eskakizuna ezartzen zutelako.
LEP horretan parte hartzeko 860 lagun ziren izena emanda.
Argia-k ikerketa kazetaritza lan sakona egin zuen, eta erakutsi, Errenteriako Udalaren lan deialdiaren kontrako helegitearen atzean euskararen kontrako talde antolatu bat zegoela. Informazio hori publiko egin biharamunean agerraldi publikoa eskaini zuen gobernu taldeak, Aizpea Otaegi alkatea buru. Mezu argia zabaldu zuen Otaegik, “auzibidea agortuko du udalak, bururaino eraman 25 administrari hautatzeko prozedurari aurkeztutako helegiteari aurre egiteko”. Irmo esan zuen alkateak orduan, Errenteriako Udalak herritarren hizkuntza hautua bermatzen jarraitu nahi duela eta 25 administrari plaza lehiaketa oposizio ireki bidez betetzeko deialdira bildutako oinarriak egokiak eta zuzenak zirela.
