Lurraldebusen zerbitzu berriak urriaren 1etik aurrera
Oarsoaldeko herrien egungo beharretara egokitutako zerbitzu zabalagoa, koordinatuagoa eta egokitua eskainiko duela Lurraldebusek azaldu du Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuak.
Agerraldia aldaketen berri emateko.Gipuzkoako Foru Aldundia Aldaketekin dator Lurraldebusen zerbitzua Oarsoaldera eta Irun eta Hondarribira. Urriaren 1etik aurrera ezarriko ditu Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamenduak; xehetasun guztiak eman ditu Azahara Dominguez diputatuak atzo egindako agerraldian. Aldaketen zioa azaldu du Dominguezek, “eskualdeen egungo beharretara egokitutako zerbitzu zabalagoa, koordinatuagoa eta egokitua” eskaintzea.
Datuak eman ditu diputatuak: 10,7 milioi bidaia egin ziren iaz Oarsoaldeko lau udalerrietan, Irun eta Hondarribian, “aldaketak bizilagunen benetako beharrei erantzuteko pentsatutako plangintza batekin egin dira”. Hala ere, urriaren 1etik aurrera, funtzionamendua aztertzen joango direla gaineratu du Dominguezek, “eta sor daitezkeen beharrei erantzuten”.
Oarsoaldean, Irun eta Hondarribian Lurraldebusek emango duen zerbitzua 29 lineatan banatuta egongo da eta 58 autobusek egingo dute zerbitzua, “gaur egun baino zazpi gehiagok. Hori horrela, sarearen ordutegi estaldura zabaldu ahalko da, goizean lehenagotik eta gauean beranduagora arte, ostiraletik igandera 24 orduko zerbitzua eskainiz, eta ordutegiak egokituz Donostiako autobus geltokitik iritsi eta irteten diren distantzia luzeko zerbitzuekin loturak egin ahal izateko”.
Donostiako ospitale gunea eta Miramon parke teknologikoarekiko konexioak “nabarmen handituko” direla ere adierazi du Dominguezek. Hobekuntzen artean beste bat, N-1 errepideko ardatzean (Errenteria-Orereta, Pasai Antxo, Donostia) 8 minutuero autobus bat izango da.
Adimen artifiziala
Zerbitzua hobetzeko adimen artifiziala baliatu dutela ere azaldu du diputatuak. Hala, flotara gehituko diren autobus berriek smart ramp sistema izango dute mugikortasun arazoak dituzten erabiltzaileek erabiltzen dituzten arrapalen mantentze lan prediktiboa egiteko aukera emango duena, baita smart clima sistema ere, ibilgailuen barruko tenperaturak une horretan kanpoan dagoen eguraldiaren arabera egokitzeko.
Emakida berriari buruzko informazio guztia gaurko (hilaren 22a) 14:00etatik aurrea kontsulta daiteke hemen klik eginda.
Oarsoaldeko zerbitzuaren aldaketak
Errenteria-Orereta
• 8 minutuko maiztasuna N-I errepideko korridorean, Donostiarekin lotuta, astelehenetik ostiralera. Zerbitzu gehiago egongo dira astelehenetik igandera, egun osoan zehar.
• Donostiako ospitale-gunerako eta Miramongo parke teknologikorako zerbitzua hobetuko da OR08 eta OR15 lineen bidez (egungo E31 eta E15 lineak, hurrenez hurren). Zehazki, OR15 lineak egungo E15 lineak eskaintzen duen zerbitzua eta ibilbidea mantenduko ditu, ibilbidea Miramongo parke teknologikoraino luzatuz eta asteburuetan ere zerbitzua eskainiz; orain arte ez zen halakorik egiten.
• 15 minutuko maiztasuna goizeko, eguerdiko eta arratsaldeko puntako orduetan, Beraunetik Donostiarako noranzkoan.
• Donostiarekiko korridorearen koordinazio hobea eta autobus geltokitik abiatzen diren distantzia luzeko zerbitzuekiko lotura bermatua.
• Astigarragarekiko konexioa nabarmen hobetuko da Garberarekin lotura duten zerbitzu berrien bidez. Gainera, gaueko zerbitzuak izango ditu merkataritza-gunearen ordutegietara egokitzeko (ORG46G linearen bidez), eta lehen aldiz asteburuetan ere zerbitzua eskainiko du.
• Garraio publikoko 24 orduko zerbitzua ostiraletik igandera.
• Asteburuetan Antiguo auzoarekiko konexioa txertatuko da OR10 linearen bidez; gaur egun ez dago.
Oiartzun
• Zerbitzu-eskaintza handiagoa egun osoan zehar, astelehenetik igandera, eta asteburuetako gaueko konexioak hobetuko dira.
• Ospitaleekin eta Miramongo parke teknologikoarekin lotura duen linea bat izango du (OR08), lan-txandetara egokitutako ordutegiekin eta asteburuetan ere zerbitzuarekin. Linea hori irailaren 1etik dago martxan, E31 izendapenarekin. Urriaren 1etik aurrera, eguneko lehen zerbitzuaren irteera 15 minutu aurreratuko da (7:00etatik 6:45era), txanda-aldaketara egokitzeko.
• Donostiako Unibertsitateen gunerako konexioa izango du asteburuetan, OR10 linearen bidez.
Pasaia
• Donostiako ospitale-gunearekiko eta Miramongo parke teknologikoarekiko konexioa hobetuko da OR07 (egungo E03) eta OR09 (egungo E07) lineen bidez. Lehenengoari dagokionez, bidaia-denborak hobetuko dira, linea zuzenagoa bihurtuz; gainera, langileen lan-ordutegira egokituko da. Ibilbidea Miramongo parke teknologikoraino luzatuko da, eta asteburuetan zerbitzu gehiago eskainiko du. OR09 lineari dagokionez, bidaia-denborak ere murriztuko dira, Miramonera zerbitzua zabalduz eta asteburuetara luzatuz.
• OR05 linean (egungo E09) 15 minutuko maiztasuna mantenduko da eskari handieneko orduetan, eta indargarriak egingo dira inor geltokian geratu ez dadin.
• Lezo, Errenteria eta Donostiarekiko konexioa hobetuko da, astelehenetik ostiralera zerbitzuen %34ko igoerarekin.
• Gaueko eta asteburuetako eskaintza handiagoa.
• Konexio hobeak Donostiako autobus geltokitik iritsi eta irteten diren distantzia luzeko zerbitzuekin lotzeko.
Lezo
• Ospitale-gunerako bidaia-denborak hobetuko dira, linea zuzenagoa bihurtuz eta langileen lan-ordutegira egokituz. Ibilbidea Miramongo parke teknologikoraino luzatuko da, eta asteburuetan ere zerbitzua eskainiko du.
• Zerbitzu kopuru handiagoa, batez ere Errenteria eta Donostiarekin, ostiraletik igandera 24 orduko zerbitzua eskainiz. Astelehenetik ostiralera, eguneko 98 zerbitzutik 130era igaroko da.
• Konexio hobeak Donostiako autobus geltokitik abiatzen diren distantzia luzeko zerbitzuekin lotzeko.
