Ipar martxa ibilbidea, Txingudiko badian barrena
Urriaren 3an egingo du irteera Urdaburu Mendizale elkarteak, oporraldien osteko lehena.
Urdaburu Mendizale elkarteak ipar martxa irteera antolatu du urriaren 3rako, larunbata. udako oporraldiaren ostean Ipar Martxa taldeak antolatu duen lehen irteera izango da, eta Txingudiko badia aukeratu dute lehen ibilaldirako. 08:30ean elkartuko dira Galtzarabordako topoaren geltokian, edo 09:00etan Plaiaundiko parke ekologikoaren sarreran.
Ibilaldiari dagokionean, Plaiaundiko parkean hasiko dute Irunerako noranzkoan, Behobiara heldu, eta Hendaiako portuan Hondarribira eramango dituen txalupa hartuko dute; zerbitzu hori ordaintzeko 2,50 euro eraman behar dituzte parte hartzaileek esku dirutan. Puntal inguruan bukatuko dute ibilaldia. Desnibelik gabeko 14 kilometroko bidea egingo dute denera.
Eraman beharrekoak gogorarazi ditu Urdaburuk: ura, kirola egiteko zapatilak, ipar martxako makilak, 2,50 euro txaluparako, eta Mugi txartela edota dirua topoa ordaintzeko.
Parte hartzeko izena eman behar da aurretik: astearte eta ostegunetan 19:00etatik 21:00etara 943 52 78 79 telefono zenbakira deituta, Urdabururen egoitzako idazkaritzan aurrez aurre egun eta ordutegi berean, edo online galdetegia beteta (Egin klik hemen).
