Hilaren 27an, Sorturen ekitaldia
Foru plazan egingo du ekitaldia Sortuk 12:00etan hasita, 'Loturak askatzera!' lelopean.
Loturak askatzera! lelopean ekitaldia egingo du Sortuk igandean, hilaren 27an, Foru Plazan 12:00etan hasita. Hilaren 27an, igandean, 51 urte beteko dira erregimen frankistak Txiki Juan Paredes Manot (1954-1975) eta Otaegi Angel Otaegi Etxeberria (1942-1975) erail zituela eta urteurrenaren harira ekitaldiak antolatu ditu Sortuk Euskal Herriko 50 herri baino gehiagotan. Horietako bat izango da Errenteria-Orereta.
Irailaren 27a Txiki eta Otaegi oroitzeko eguna dela Nazio Askapen Mugimenduarentzat adierazi du Sortuk, “baina memoriarako eguna izateaz gain, askapen borrokan berresteko, eta etorkizunera begiratzeko eguna ere bada. Urtero oroimenez eta aldarrikapenez bete eta harrotasunez bizi dugu egun hau”. Txiki eta Otaegiren fusilamenduen urteurrena hainbat kide eta belaunaldi elkartzen dituen eguna da askapen nazional eta sozialaren aldeko alderdiaren esanetan, “Euskal Herriaren alde borrokan ari zen, ari den eta haren askatasuna lortu arte borrokan ariko den komunitatea izateak batzen gaitu irailaren 27an”.
Aurtengo kartelaren irudia Mikel Erkiaga Bilbotarrak egin du, “zatikatutako memoriaren teknika oinarri hartu eta argazki, paisaia eta elementu sinbolikoak uztartuz sortu du”.
