Zerga turistikoa urtarriletik aurrera indarrean
Gutxieneko tarifak ezarriko ditu turismo ostatuen kategoria ezberdinetarako turismo erabilerako etxebizitzetan izan ezik; azken horien kasuan tarifa maximoa aplikatuko da.
Zerga turistikoa izango du Errenteria-Oreretak 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera. Atzo onartu zuen udalbatzak EH Bildu, Elkarrekin Errenteria, Alderdi sozialista eta EAJren aldeko botoekin; PPko zinegotziak abstentzioaren alde egin zuen.
Horren arabera, gutxieneko tarifak ezarriko ditu zerga berriak turismo ostatuen kategoria ezberdinetan, salbuespen batekin: turismo erabilerako etxebizitzen kasuan tarifa maximoa aplikatuko da. Udalerrian dagoen eskaintzaren arabera, euro bateko tarifa aplikatuko da 2 izarreko hoteletan; 0,50eurokoa nekazaritza tirismoko establezimenduetan; 0,75 eurokoa landa etxeetan, eta 6,50ekoa turismo erabilerako etxebizitzetan.
Araudiak hainbat salbuespen jasotzen ditu, ondokoak: 18 urtetik beherakoen egonaldiak, eta osasunarekin, desgaitasunarekin edo mendekotasunekin lotutako arrazoiengatik egindakoak, baita ikasketa eta ikerketekin, gizarte programekin edo ezinbesteko egoerekin lotutakoak ere.
Zerga berria aldi baterako egonaldiei aplikatuko zaie, eta udalerria bisitatzen dutenek udal zerbitzuen sostenguari ekarpena egitea ahalbidetuko du.
