Alberrok "arduragabetzat" jo ditu Mugikortasun diputatuaren adierazpenak
Alkateak "larritzat" jo ditu Azahara Dominguezek egindako "adierazpen faltsuak" eta dokumentazio ofiziala aurkeztu du esandakoak gezurtatzeko.
Autobus lineen aldaketek hautsak harrotu dituzte Pasaian. Teo Alberro alkatea eta Azahara Dominguez Mugikortasun diputatua Pasaiako udaletxean bildu ziren astelehenean gaurtik (hilaren 1etik) aurrera herriko garraio publikoan indarrean sartu diren murrizketez, eta, bereziki, E07 eta E09 lineetan aurreikusita dauden galerez hitz egiteko. Alberrok adierazi du bilera horretan ez zela aurrerapenik egin aipatutako bi lineen inguruan, Dominguezek ez baitzuen “aldaketak berrikusteko edo atzera egiteko borondate edota asmorik agertu”.
Alkatearen arabera, “Dominguez ez zen etorri pasaitarren mugikortasunean ezarri nahi dituen murrizketei buruz hitz egitera edo horiei buruzko azalpenak ematera, baizik eta udalari exijitzera orain bere bitartekoekin bete dezan berak utziko duen hutsunea”.
Bide horretan, Alberrok “bereziki larritzat” jo du azken egunetan Mugikortasun diputatuak publikoki “behin eta berriz” esan izana Pasaiako Udalak ez zuela errekerimendurik aurkeztu autobusen proiektuaren harira: “Erabat arduragabea da herritarren artean kezka eta nahasmena hedatzeko helburuz halako gezurrak botatzea; are gehiago dokumentazio ofizialak kontrakoa argi eta garbi jasotzen duenean”.
Udalak gogorarazi du 2024ko urriaren 7an aurretiazko errekerimendua aurkeztu zuela Diputatuen Kontseiluak 2024ko ekainaren 11n hartutako erabakiaren aurka, garraio zerbitzu publiko erregularraren emakidaren bigarren proiektu aldatua onartzen zuena.
Testuan, udalak lau arrazoi juridiko nagusi planteatu zituela adierazi du: herritarren parte hartzeko eskubidea urratu izana; mugikortasun jasangarrirako eta garraio askatasunez aukeratzeko eskubidea urratu izana; administrazio publikoek beren erabakiak behar bezala arrazoitzeko duten betebeharra urratu izana; eta hainbat ibilbidetan eragina zuten neurri jakin batzuk berrikusteko eskaria.
Errekerimendu hori 2024ko abenduaren 3an ebatzi zuen Diputatuen Kontseiluak, udalak egindako eskaerak deuseztatuz. Udalak jakinarazi du ebazpenaren testu osoa ez dela publiko egin aldundiaren webgunean, baina erabakia atari horretan jasoa dagoela, Diputatuen Kontseiluaren erabakien laburpenaren Mugikortasuneko puntuan.
“Horrenbestez, ez da egia Pasaiako Udalak 2024an autobusen emakida berriaren kontra egin zuenik. Aldundiaren dokumentazio ofizialak berak egiaztatzen du udalak errekerimendua aurkeztu zuela, haren edukia aztertu zuela, horri buruzko txosten teknikoa egin zuela, eta ebatzi ere egin zuela, proposamenei entzungor eginez”, adierazi du alkateak.
Eta jarraitu du: “Ez dugu eztabaida politikoa dokumentu ofizialek diotena baino urrunago eramango. Baina ezin dugu onartu herritarren aurrean horrelako mezu faltsuak hedatzea, eta are gutxiago beste administrazio bati ezer egin ez izana eta gezurretan aritzea leporatzea”.
Lanerako konpromisoa
“Ika-miketan” murgildu baino, Alberrok adierazi du Pasaiako Udalak lanean jarraituko duela: “2024an bezala, 2026an ere hainbat eskaera egin dizkiogu aldundiari modu ofizialean. Horien artean nagusiak E03, E07 eta E09 lineetan aurreikusitako murrizketak eta zerbitzuaren okertzeak ez aplikatzea”.
“Azken egunotan jakin dugu Donibaneko E03 linea asko okertuko zuen erabakian aldundiak atzera egitea lortu dugula. Horrek erakusten du aldaketak berrikusi eta zuzendu daitezkeela oraindik ere, borondatea baldin badago”, nabarmendu du alkateak.
Asteleheneko bilkuran udalak eta aldundiak bi hilabete barru berriro biltzea adostu zuten, “aldaketek benetan sortzen dituzten eraginak aztertzeko borondatea” agertu baitzuen Dominguezek. “Abenduan berriro eseriko gara mahai honetan eta datuekin hitz egingo dugu. Baina, bitartean, ez gara besoak gurutzatuta geldituko. E07 eta E09 lineetan proposatutako aldaketek kalte handia ekarriko diete pasaitar askori, eta ez dugu bi hilabete itxarongo gure aldarrikapenak defendatzeko”.
Hala, Alberrok iragarri du Ahaldun Nagusiarengana joko duela “gaiaren larritasuna eta Pasaiako garraio publikoaren egoera zuzenean helarazteko eta elkarrizketa beste maila instituzional batera eramateko”. “Asteleheneko bilerak erakutsi zigun Mugikortasun Sailak, oraingoz behintzat, ez duela E07 eta E09 lineen murrizketetan atzera egiteko eta pasaitarren alde jarduteko borondaterik. Baina gure betebeharra da pasaitarren interesak defendatzea. Hori egin dugu orain arte, hori egiten jarraituko dugu eta, zerbitzua martxan jarri ondoren ere, beharrezkoa den guztietan eskatuko dugu neurriak zuzentzea. Ez dugu gai hau itxitzat emango”, bukatu du Alberrok.
