Alberto Muñagorri: "Beharrezkoa nuen nire historia, hemen, nire herrian, kontatzea"
Alberto Muñagorri Berdascoren bizitza bildu duen liburua aurkeztu zuten atzo Niessen kulturgunean: 'La Mochila. La Vida de Alberto Muñagorri'.
Muñagorri aurkezpena hasi aurretik. Alberto Muñagorri Berdascoren bizitza bildu duen liburua aurkeztu zuten atzo Niessen kulturgunean. La Mochila. La Vida de Alberto Muñagorri 400 orrialdetik gorako liburuak Errenteria-Oreretan hasi zuen ibilbidea atzoko ekitaldi horrekin; astelehenetik aurrera izango da salgai, baina atzoko aurkezpenean ere izan zuten bertaratutakoek liburua erosteko aukera. Gonbidapenak agortuta, aretoa lepo egin zuten aurkezpena protagonista nagusi Alberto Muñagorrik, bere bizitza paperera eramanda betikotu duen Ander Izagirre kazetari eta idazleak, eta solasaldia gidatu zuen Ylenia Benito Moran kazetariak.
Muñagorriren bizia erabat markatu zuen 1982ko gertaeratik hasi eta aurtengora arteko kontaketa egin du Izagirrek bere liburuan; hamar urte zituela ETAk jarritako motxila-bonba batek eztanda egin eta zauritu zuen Alberto Muñagorri errenteriarra. Hanka eta begi bateko ikusmena galdu zituen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamenduak sortutako Raul Guerra Garrido 2025 bekaren irabazlea izan zen Izagirreren proiektua, eta horren barruan idatzi du liburua. Libros del KO argitaletxeak ekoitzi du.
Eskerrak eman zituzten Izagirrek, baita Muñagorrik ere. Idazleak, Goizane Alvarez Irijoa Kultura diputatuari eta aldundiari eskerrak eman zizkien lehenik, “ezinbestekoak izan direlako azken urte pasa honetan buru-belarri aritzeko liburuaren idazketan”. Haien ondotik, Guerra Garrido familiari; Aizpea Otaegi alkateari, “oso berezia delako Errenterian liburua aurkeztea, eta herriko jendea hemen izatea”; Aintzane Ezenarrori, “Gogora institutuko zuzendari zela hark jarri gintuelako harremanetan Muñagorri eta ni neu”.
Muñagorrik, liburuan parte hartu duten pertsona denei eman zizkien eskerrak, “batzuentzat zailagoa izan dela badakidalako”: Naiara Zamarreñori, “elkarbizitzaren bueltan hasi dugun bide honetan bidaide dudana”; Jose Angel Rodriguezi —Errenteriako PSE-EEren idazkari orokorra da—; Ismael Berasategiri, Angel Goñiri, Andoni Agirregomezkortari… Zerrenda hori osatzen jarraitu zuen Izagirrek: Julen Mendoza, Lander Garro, Dani Muñoz, Teresa Diaz, Albertoren familia… “Jendea utziko dugu aipatu gabe eta barkamena eskatu nahi dut, asko izan direlako elkarrizketatu ditudanak eta mosaikoa osatzen lagundu nautenak”. Familia aipatuta, hitza hartu zuen berriro Muñagorrik, eta aipamen berezia egin zien: “Marian arreba beti izan dut ondoan. Fran anaia, milaka kilometrora bada ere, zaila izan zuelako liburu honetan kolaboratzea, baina jakin bazekien zein garrantzitsua zen niretzat liburu hau, gertatu zena kontatzea. Eta bereziki amari; aukera dudan bakoitzean eskertzen diot niregatik egindako guztia, bere indar eta maitasunez jantzitako bere zorroztasunik gabe ez nintzatekeela gaur naizen hau izango, ez nintzatekeela hemen gaur egiten ari naizena egiten ariko, ezta bakearen eta elkarbizitzaren alde egin dudan bidea egingo ere”.
Hitz horiek bere amari eta ama guztiei aitortza egiteko baliatu zituen Muñagorrik, “ikaragarri garrantzitsuak baitira. Bera ez da etorri aurkezpenera, zail duelako hau guztia gogoratzea”.
“Ez nion ostikorik eman motxilari. Niretzat berebiziko garrantzia du argi uztea hori”. Bizitza osoa pasa duela entzuten ostikoa eman ziola motxilari eta ez dela horrela argitu zuen atzo, “kontatu behar nuen hau nire herrian, jakin badakit jarraituko dudala motxilari ostiko eman zion haurra izaten, baino argi utzi nahi dut ez niola ostikorik eman, niretzat oso garrantzitsua da”.
Ekarpena izan nahi duela liburuak esan zuten biek, “halakoak errepika ez daitezen inoiz, inolaz ere”.
