Euskara praktikara eramatea xede
Martxan da Pasaiako Mintzalaguna egitasmoaren bosgarren ekitaldia. Programaren helburua da euskara praktika sustatzea era informalean. Talde txikitan gauzatzen da, astean behin.
Ikasturtea hastearekin batera, martxan da Pasaiako Mintzalaguna egitasmoa. Aurten, iniziatiba herritar guztiengana gerturatzeko helburuarekin, kanpaina berezia egin du Pasaiako Udalak: herriko etxebizitza guztietara eskuorri bana eramango du, pasaitarrek etxean bertan Mintzalaguna programaren eta euskara praktikatzeko dauden aukeren berri izan dezaten.
Egitasmoaren aurkezpenean izan dira Laura Ré Pasaiako Udaleko Euskara zinegotzia, Diana de Castro Txirrita AEK-ko zuzendaria, Kontsuelo Gorostidi Pasaiako Udal Euskaltegiko zuzendaria eta Julen Rodriguez Mintzalaguneko koordinatzailea.
Aurtengoa Pasaiako Mintzalaguna egitasmoaren bosgarren ekitaldia izango da. Denbora horretan, herriko lau barrutietan talde txikiak osatu dira astero elkartu eta euskara praktikatzeko, harremanak egiteko eta euskaraz bizitzeko espazio informalak sortzeko. Edozein planetan, hainbat adin eta errealitateko pasaitarrak elkartzen dira haiek adostutako egunetan.
Mintzalaguna, gainera, ez da asteko hitzordura mugatuko, urtean zehar dozenatik gora jarduera antolatuko baitira: tailerrak, kontzertuak, mendi irteerak, itsas txangoak eta bestelako proposamenak. Arduradunen arabera, Mintzalaguna antolatzearen helburua argia da: euskara praktikatzeko aukerak sortzea eta hizkuntza eguneroko bizitzara eramatea.
Aurtengoa Eraman euskara praktikara lelopean egingo da, eta udalak urrats bat gehiago egin nahi izan du egitasmoaren sozializazioan. Hori dela eta, Pasaiako etxebizitza guztietara iritsiko da informazioa, eta eskuorriak euskaraz praktikatzeko aukerak ezagutzeko eta parte hartzeko oinarrizko informazioa jasoko du.
“Euskara ikastea garrantzitsua da, baina ikasitakoa erabiltzeko espazioak ere behar ditugu. Mintzalagunak horixe eskaintzen digu: euskaraz aritzeko aukera, modu errazean, gertuko ingurune batean eta gure bizilagunekin”, adierazi du Laura Rék.
Sustatzaileen arabera, Mintzalaguna aukera aproposa da euskaraz hitz egiteko ohitura galdu duenak berriro praktikatzeko, euskara ikasten ari denak ikasitakoa erabiltzeko edo euskaraz ondo moldatzen denak beste pertsona batzuei laguntzeko. Parte hartzeko ez dago adin mugarik, ezta maila edo baldintza berezirik ere. Mintzalagunan aritzeko euskara praktikatzeko gogoa izan behar dute herritarrek.
Egitasmoa doakoa da eta urte osoan zehar eman ahal izango da izena, bi modutara: 688 64 71 59 telefonoan edo helbide elektroniko bidez.
