Kultura erruz udazkenean
Programazio zabala eta askotarikoa urritik abendura Niessen kulturgunean eta Lekuona Fabrikan.
Maite Gartzia, Kultura zinegotzia.Herri Bizia Programazio zabala eta askotarikoa urritik abendura Niessen kulturgunean eta Lekuona Fabrikan. Antzerkia, dantza eta musika izango dira espazio horietako protagonistak. Hiruhileko kulturalari Kulunka Tetaroren Herentzia antzezlanarekin hasiko da; hilaren 18an izango da 19:00etan Niessen kulturgunean. Gertakari traumatiko baten ondorioz, Alicia eta Javi euren azken gaua elkarrekin igarotzera behartuta egongo dira, beldurrez, oroitzapenez eta obsesioz inguratuta.
Hilaren 23an, Lasala konpainiaren Alai familian ikuskizuna izango da Niessen Kulturgunean, 18:00etan. Sei urteko Alai neskatilaren istorioa kontatzen du lanak. Amona eta txakurrarekin bizi da, eta gau batean ametsen munduan murgilduko da. Bertan, familia mota ezberdinak ezagutuko ditu eta familia normal bat izateak benetan zer esan nahi duen galdetuko dio bere buruari.
Dantzak eta performanceak ere izango dute lekua programazioan. ACT 3: LOVE. Acts of Liberation ikuskizuna hilaren 30ean izango da, 19:00etan, Xabier Olaskoaga plazan. LOVE ekintza artistikoa da, gizarte-narratibak eta esperientzia berriak bilatzen dituen esperimentu soziologikoa.
Horien ondotik, musikak hartuko du lekukoa urriaren 31n, Me Vale Madre eta La Txama taldeekin. Domu Santu Eguna ospatzeko, bi taldeek Mexikoko doinuak eta eszena musikaleko soinu berriak uztartuko dituzte, folklorearen, musika tradizionalaren eta kontu garaikideen arteko fusioz beteriko gaua eskaintzeko. Kontzertua 21:30ean izango da, Lekuona Fabrikan. Gainera, Lekuona Fabrikako kantinako sukaldeak kotxinita pibil takoak eskainiko ditu, 11 euroan. Errazio bakoitzak hiru tako izango ditu. Guztira, 200 errazio jarriko dituzte salgai, eta egunean bertan zerbitzatuko dira, 19:30etik 21:00etara. Tiketak webgunean eta aurrez aurre Lekuona Fabrikan edo Aldakonean eskuratu ahal izango dira. Tiketa aurkeztea beharrezkoa izango da eta, adierazitako ordua igarota, ez dira takoak zerbitzatuko, ezta dirua itzuliko ere.
Azaroaren 8an, Companhia do Chapitoren Rey Lear antzezlana izango da Lekuona Fabrikan, 19:00etan. Lear erregeak bere erreinua banatu eta alabak aberastasunaren eta boterearen aurrean jartzen ditu. Hiru aktoreek pertsonaia guztiak antzezten dituzte komedia honetan, boterea, zikoizkeria eta istorioak kontatzeko artea ardatz hartuta.
Azaroaren 21ean, Olaia Inziartek bere azken proposamena, Zerrautsa, aurkeztuko du Lekuona Fabrikan, 20:00etan. Ahots gozoa eta indartsua uztartuz, doinu garbiak, erritmo minimalistak eta euskarazko kantagintzaren berrikuntza ekarriko ditu bere emanaldian.
Azaroaren 27an, berriz, Anita Maravillasen Tretatxu antzezlana izango da Niessen Kulturgunean, 18:00etan. Haurrei zuzendutako lan honetan, pobrezia dela eta bandolero bihurtutako haur baten abenturak kontatzen dira. Bidean, arrisku eta abentura ugariri egin beharko die aurre, azken erronka bati aurre egin arte.
Abenduaren 10ean, Neomak taldeak bere azken diskoa, Lazturak Orbain, aurkeztuko du Lekuona Fabrikan, 20:00etan. Taldearen jatorrizko esentziari eutsiz eta soinu berriak arakatuz, aldaketak, hausturak eta barne-beldurrak abiapuntu hartuta unibertso musikal berria proposatzen du taldeak.
Azkenik, Tentazioa Produkzioaken Interview antzezlana izango da abenduaren 13an, 19:00etan, Niessen Kulturgunean. Telmo Iruretak De agua y arena film laburrean bere garun paralisiaz egin zuen prozesuari buruzko elkarrizketa gertukoa eta konplizea partekatuko du. Filmaren ondoren, elkarrizketa hurbil batek bizipenak, zailtasunak, pozak eta umorea izango ditu hizpide.
Ikuskizunen sarrerak dagoeneko eskuragarri daude 12:00etatik aurrera webgunean, Lekuona Fabrikan eta Aldakonean. Gainera, ikuskizun bakoitzaren egunean, aretoan bertan, leihatila irekiko dute ordubete lehenago, betiere sarrerak lehenago agortu ez badira.
Kontzertuek 10 euroko prezioa dute, helduentzako ikuskizunek 9 eurokoa, eta familiei zuzendutakoek, aldiz, 3,5 eurokoa. Kultura txartelaren titularrek %25eko deskontua izango dute.
Ikuskizun guztien inguruko informazioa webgunean topa dezakete interesdunek.
Lekuona Fabrikan zirku eskola izango da abenduaren 22an eta 23an
Gainera, Errenteriako Udaleko Kultura Sailak abenduaren 22an eta 23an Berdinki Zirku Eskolaren jarduera antolatuko du Lekuona Fabrikan. Proposamena 5 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago nagusiki, eta haien adinera egokitutako hainbat jarduera eta dinamikaren bidez zirkuaren mundura hurbiltzeko aukera izango dute, giro ludiko, parte hartzaile eta sortzaile batean. Aurten ere, familiei zuzendutako proposamenak izango ditu jarduerak, eta berritasun gisa, 12 urtetik gorako pertsona orok ere parte hartzeko eta zirkuko arteez gozatzeko aukera edukiko du. Informazio gehiago eta izen emateari buruzko xehetasunak azaroan emango dira ezagutzera.
