Herri bizigarri bat amestu dute
Urteak daramate egunero-egunero portuko jardueraren eragina sufritzen. Kutsadurari eta zaratari aurre egiteko araudia betearaztea eskatu dute bizilagunek, eta osasuna erdigunean jartzeko.
Arrizabalaga, Zuloaga, Leunda, Zipitria eta Gutierrez Lezon, portua atzean dutela. Herri bizigarri batean bizi nahi dugu. Uste dut ez dugula ezer berezirik eskatzen, zilegi den gutxienekoa baizik: araudia betetzea». Irati Zuloaga Areta lezoarraren hitzak dira horiek, eta bere egin dituzte Arrate Arrizabalaga Pikabea, Amaia Leunda Arrizabalaga, Ilargi Zipitria Sinde lezoarrek, eta Jasone Gutierrez Fuentes antxotarrak. Pasaiako portuaren bueltan bizi dira denak, eta urteak daramate bertan egiten den jardueraren ondorioak jasaten egunero-egunero. Kezkaz bizi dute egoera, baita nekearekin ere, kutsadura eta zaratarekin bizitzea normalizatua duen egunerokoa iraultzeko garaia dela sinistuta.
Joan den abuztuaren 21ean portuko txatarra tontor batek su hartuta, hainbat orduz konfinatuta izan ziren lezoarrak. Izan ere, txatarra horretan hainbat elementu toxiko izan zitezkeelako hartu zen erabakia. Leihoak itxi eta kalera ez ateratzeko gomendioa egin zuten. Alarma denak piztu zituen gertaerak, baita bizilagunen haserrea eta nekea azaleratu ere; ez da lehen aldia sutea dagoena portuan; 2018an izan zen beste bat.
Komunikabide ugari bertaratu ziren gertaeraren jarraipena egiteko, eta Lezo albiste bihurtu zen, tamalez. Gertaera hori muturrekoa izan zen, baina egunero-egunero ari dira portuaren jardueraren ondorio kaltegarriak jasaten beste lezoar eta pasaitar ugariren antzera Arrizabalaga, Leunda, Zipitria, Zuloaga eta Gutierrez. Lezoko Jaizkibel hiribidera ezkondu zen Arrizabalaga eta 47 urte daramatza portuaren parean bizitzen: «Portu inguruan bizi ez diren lezoarrak ez dira konturatzen ziurrenik, baina hemen ez dugu iratzargailurik behar, 06:30erako kamioiak prestatzen, itsasontzietako konportak irekitzen, biltegitik dumper eta bestelako makinariak ateratzen… Zarata ikaragarria egiten dute, leihoak itxi egin behar dira lo egin nahi baduzu. Itsasontzi batzuk 03:00etan hasten dira pasarelak eta konportak zabaltzen; autoak deskargatzen dituzten plataforman ere ikaragarria da zarata, metalikoa delako eta goizaldean ere aritzen dira: Zarata jasangaitza da».
Kutsadura gehitu dio horri Arrizabalagak. «Balkoiak egun batean zuriak, hurrengoan beltzak eta beste batean horiak dituzu hautsez beteta. Balkoietan gelditzen den hauts hori, kristaletara heltzen dena, guk ere irensten dugu, egunero, uneoro; urteetan zehar, gainera, ari gara irensten zer den ere jakin gabe». Makina bat aldiz deitu duela portura dio lezoarrak, «gutuna bidaltzen digute sentitzen dutela esanez, ez dela berriro gertatuko… Eta horrela 47 urte».
Zarata horiei guztiei beste bat gehitu die Zuloagak, gau osoa motorra piztuta izaten duten itsasontziena. «Portua zaharra da, ez dute inbertsio handirik egin eta argia izateko motorra piztuta izan behar dute itsasontziek. Gau osoan eragiten duen bibrazioa jarraitua da, ez du etenik; nik ulertzen dut itsasontzian diren langileek bizimodua bertan egin behar dutela, argia beharrezkoa dutela gutxieneko baldintza batzuk mantentzeko, baina orduan portuak inbertsioak egin beharko ditu bizilagunen ongizatea bermatzeko».
Ehunka kamioi egunero, herritik
Portuan eragina handia da, baina baita kalean ere, hala diote denek. «Ehunka kamioi pasatzen zaizkigu egunero, trafiko arauak urratzen dituztenak. Garraiatzen dutena estalita eraman behar badute ere, etengabe portutik Algeposara bidea toldoa irekita egiten dute, daramaten substantzia hori isurtzen. Bizilagunek ibili behar dugu Udaltzaingoari deitzen, eta unean ikusten badituzte gelditu egiten dituzte araudia betearazteko, bestela bere horretan jarraitzen dute».
Erraz esaten da, baina egunero 1.200 kamioi igarotzen dira Lezotik eta horietako asko-asko, salatu dutenez, toldoa jarri gabe eta garraiatzen dituztenak airera eta lurrera isurtzen egiten dute portua eta Algeposa arteko bidea.
Kamioiak aipatzerakoan trafikoan duten eragina aipatzen da; kamioien trafiko horrek eguneko hainbat une eta eremutan sortzen dituen ibilgailu ilarak aipatu ditu Zipitriak, «herria kolapsatu egiten da». Hortik harago doan kontua dela dio Zuloagak, «trafikoan eragiten du, baina hitz egin behar dugu airearen kutsaduraz, isurtzen duten hautsez eta ingurumenean duen eraginaz». Kezkaz gaineratu du Arrizabalagak ez dakitela zer den garraiatzen dutena. Eragozpenetatik harago doan kontua dela dio Zuloagak, «osasunaz ari gara».
«Urrea balitz hor deskargatzen dena gure etxera ez litzateke sartuko hautsik, ondo itxita garraiatuko lukete. Baina txatarra da», Arrizabalagak. Ezjakintasuna aipatu du Leundak: «Ez dakigu araudia betetzen duten edo ez, kamioiek nola joan behar duten, nola egin behar dituzten deskargak, isurtzen duten hauts hori zer den… Bitartean hemen inguruan ibiltzen gara korri egiten, paseoan, bi haur parke pare-parean dira. Urteetan egunero ari gara arnasten, zarata pairatzen».
Argi esan dute denek auzia ez dela portua bai edo ez, bertan egiten den jarduera araudia beteta egitea baizik, «ez gaude portuaren kontra, ezta bertan egiten duten jarduera ekonomikoaren aurka; araudia betetzea eskatzen dugu». Portuan eta Algeposan lan egiten duten lezoar ugari dira, eta askotan «isilean» eramandako kontua izan dela aitortu dute; «gu ez gara portuak jarduera egitearen kontra, egiten duen hori araudia beteta eta bizilagunak errespetatuta egitea eskatzen ari gara».
Antxon ere eragina
Okerrera egin duela egoerak salatu du Gutierrezek, «zarata ikaragarria da egunero-egunero». Antxoko Nafarroa etorbidean bizi da, N-1 errepidea, tren geltokia, eta portua ditu aurrez aurre. «Hainbat gela lekuz aldatu behar izan genituen ezinezkoa zelako jatorrizko kokapena mantentzea zaratarengatik. Inbertsiorik egiten ez duten bitartean herritarrok beste bizi kalitatea izan dezagun jai daukagu. Ezer gutxi axola zaie pozoia arnasten badugu, minbiziak gora egiten badu, edota beste modu askora eragiten bagaitu ere egoerak».
Pasaiako Portu Agintaritzara askotan jo du, lezoarrek egin duten moduan. Molinaoko kaiko kamioien baskulak eragindako zarata buruhauste bilakatu zitzaion antxotarrari, eta portuari irtenbidea emateko eskatu diola behin eta berriz kontatu du: «Astelehenetik larunbatera, eta igande batzuetan ere erabiltzen dute baskula hori, eta zarata jasangaitza da kamioiak jaisten direnean. 1980-1990 urtekoak dira baskulak, eta ez diete mantenurik egiten. Azkenean bost axola zaie zarata, inporta zaiena da kargatu, deskargatu, eta kamioia pasatzea. Portuak arauak jarri beharko lituzke sortzen dituen arazoak arintzeko. Baina hemen gaude, arazo berarekin egunero eta konponbiderik gabe».
Harrituta azaldu da antxotarra lezoarrek eta Lezoko Udalak urteetan eta urteetan erakutsi duten pazientziarekin: «Astakeriak gertatu dira Lezori eragin diotenak zuzen-zuzenean. Badut bat gogoan, portuan egindako kaolin deskarga batean herri guztia eta autoak zuri gelditu ziren. Erreklamazio bakarra egin zuen bizilagun batek; erreklamazioa egindako horri erantzun eta zikindutakoa garbitu zion portuak, baina behin pasata ahaztu egin ziren gaiaz. Lezok halako makina bat jasan ditu, eta gaur egun jarraitzen du jasaten».
Halako egoeren aurrean portura deitzen dute zuzenean. Salatu nahi duten hori gertatzen den unean egin behar da, ez du balio hurrengo egunean edo beste momentu batean egitea. «Frustragarria da, tranpetan bizi dira uneoro. Kexa egiteko deitzen duzunean gelditzen dute jarduera, denbora bat utzi, eta berriro hasteko. Udalera deitu eta erregistro elektronikoa egin behar duzu…». Salaketa eta kexak bideratzeko bidea ere arazoa bezain nekagarria dela salatu dute: «Nola egiten duzu portuaren kontra? Etsigarria da».
Egoera kafkianoak jarri dituzte mahai gainean; besteak beste, kontatu dute portuan dezibelioak mugikorreko aplikazio batekin neurtu izan dituztela orain gutxi arte. «Ez da serioa. Udalak soinumetroa du jarria Polentzarrenen eta bertan ikus dezake edozein herritarrek unean-unean portuaren zarata zenbatekoa den. Askotan eta askogatik gainditzen ditu mugak».
Erakundeei inplikatzeko eskaera
Aldundiarengana ere jo dute bizilagunek. «Suposatzen da txatarra mugitzeko ura bota behar dutela, araudiak horrela du ezarria; bada ez dute inoiz botatzen. Kutsadura arriskua dago kasu horretan eta aldundiak du eskumena». Ate guztiak eta gehiago jo dituzte, baina aterabiderik ez diete eman orain arte inon. Haserre esan du Leundak herritarrengan uzten dela zama: «Guk deitu behar dugu portura, Udaltzaingora… Baina non arraio daude gure osasunaren eta ongizatearen berme izan behar duten erakundeak? Haiek betearazi beharko lukete araudia eta esku hartu».
Kexu Arrizabalaga ere, portu aurrera joan zirenean protesta egitera berehala azaldu zelako Ertzaintza, «guk salaketa bat edo kexa bat jartzeko, berriz, zoramena da, eta ez dugu ezer lortzen gainera». Behingoz neurriak har daitezen esku hartzeko eskatu die Zipitriak erakundeei, «benetan neurriak har ditzaten eskatzen ari gara. Beste alde batera begiratzen ari dira, ez diote garrantzirik ematen arazoari, ez ditut ikusten neurriak hartzen». Urteetako nekea eta kezka suma daiteke bizilagunengan: «Araudia eta osasuna, horiek errespetatzea eskatzen ari gara».
Sutea izan zenetik astero biltzen ari dira herritarrak Lezoko Gurutze Santuaren plazan. Momentuz hainbat batzar nahiz manifestazio zaratatsu egin, eta 1.000 lagunetik gora babestutako salaketa administratiboa aurkeztu dute. Bihar, berriz, manifestaziora deitu dute: 17:00etan hasiko da, Gurutze Santuaren plazatik.
Herritarren saretzearen gainean galdetuta bat datoz bost emakumeak, «ezinbestekoa» jo dute, baita hura elikatzen jarraitzea ere portuaren gaineko lanketa bizirik mantentzeko. Biharko manifestazioa garrantzitsua da, baita asteroko batzarrak ere, hala diote denek. Zipitria: «Saretzea garrantzitsua da, gaia bizirik mantentzea. Manifestazioa indar erakustaldia izatea nahi dugu, jendeak ikus dezala, baita portuak zein instituzioek ere, hemen arazo bat daukagula, urteetan normaltzat jo ditugun gauzak aldatzeko beharra dagoela. Onartezina da enpresa pribatuen interesak, instituzioek babestuta, gure osasunaren gainetik egotea. Onartezina da: egoera honek Lezo edo Pasaia herri bizigarri bat izatea oztopatzen du. Garrantzitsua da kalera ateratzea aldarri horiek eta manifestazioaren ondotik lanean jarraitzea. Manifestazioak indarra, ikusgarritasuna eta motibazioa emango digu lanean jarraitu eta herri bizigarri bat lortzeko».

Osasunaren alde kalera deitu dute
Urteetan pilatutako nekeak, kezkak eta haserreak antolatzera eraman ditu. Nahikoa dela esateko unea dela erabaki dute, ez baitaude prest euren osasuna eta ongizatea arriskuan jartzen segitzeko. Joan den abuztuaren 21ean xatarra mendixka batek su hartu zuen portuan. Gertaera larri hark, agerian jarri du urteetan zehar lezoarrak jasaten ari diren egoera, eta kutsadura eta zaratari galga jarriko dieten neurriak eskatzen ari dira. Osasuna eta herri bizigarri baten alde ari dira. Bihar (hilak 3, larunbata) kalera aterako dira lezoarrak, baina ez dute bidea bakarrik egin nahi, eta bailarako herritarrak bat egitera deitu dituzte, indarrak batu, eta finean, neurri batean edo bestean denei eragiten dien arazoari irtenbidea emateko eskatzeko.
Osasuna behar dugu. Ez portu zikinik-ez portu lehorrik. Herriak bizirik lelopean, 17:00etan hasiko da manifestazioa Gurutze Santuaren plazatik.
Goiko irudia hilaren 24an egina da; elkarretaratzea eta batzarra egin zituzten herriko plazan. Egun horretan bertan, herri argazkia egin zuten biharko manifestaziora deitzeko. Jendetsua izan zen argazki hori, gehientsuenak lezoarrak izan ziren, baina Oarsoaldeko beste udalerrietako herritarrek ere egin zuten bat deialdiarekin.
Biharko protestak indar erakustaldia izan nahi du, eta portuak herritarrengan duen eragina ikusarazteko baliatu nahi dute.
Mezua portuari eta erakundeei
Garrantzitsua izango da jendetsua izatea; behingoz neurriak hartzea eta araudia errespetaraziz jardutea galdegingo baitiote portuari, kutsadura eta zaratari mugak jarri eta herritarren osasuna eta ongizatea lehenesteko. Eta mezu hori portuari bai, baina instituzioei ere helarazi nahi diete, esku har dezaten eta herritarrak eta haien osasuna erdigunean jar ditzaten eskatuko diete.
Manifestazioaren ondotik lanean jarraitzea tokatuko zaie aldarri duten herri bizigarria egi bihurtzeko. Bide horretan, herritar guztiak zein inguruetako udalerrietakoak deitu dituzte mobilizazioarekin bat egitera, herriak eta osasuna daudelako jokoan, eta baita herritarrek abiatutako dinamikara batzera ere.
