Indar erakustaldia herri bizigarrien alde
Indar erakustaldia egin nahi zuten, eta lortu dute. Herritarren interesak eta portuarenak antagonikoak direla agerian jarri dute gaur arratsaldean Lezon kalera atera diren dozenaka eta dozenaka herritarrek.
Portuko kutsadura eta zarataren eta Gaintxurizketako portu lehorarren kontra kalera atera dira. Indar erakustaldia egin nahi zuten, eta lortu dute. Herritarren interesak eta portuarenak antagonikoak direla agerian jarri dute gaur arratsaldean Lezon kalera atera diren dozenaka eta dozenaka herritarrek. Determinazioarekin esan dute ez dutela kutsadura eta zaratarik nahi ezta Gaintxurizketan egin asmo duten portu lehorrik ere; osasunaren alde, bizitzaren alde, ingurumenaren alde, finean, herri bizi eta bizigarri bat nahi dutela. Nahi duten horren alde borrokatzeko eta lanerako prestutasun osoa adierazi dute. Bostetan zegoen deituta manifestazioa, baina hogei minutu beranduago abiatu da Gurutze Santuaren plazatik.
Bitartean Gaintxurizketan egin asmo duten portu lehorraren aurkako sinadurak biltzen aritu dira, helegeiteak aurkezteko epea astelehenean bukatuko baita.
Manifestazioa handia oso, jendetsua, herritar ugari, gehienak lezoarrak, baina bailarako beste herrietatik ere gerturatu dira kutsadura eta zaratarik gabe, herriak bizirik nahi dituztela aldarrikatzera. Lezoko alkate Mikel Arruti eta Pasaiko alkate Teo Alberrok ere egin dute bat gaurko protestarekin. Jaizkibel hiribidea, Urdaburu kalea, Arretxene kalea, Lopene, Elias Salaberria hiribidea, Gurutze Santuaren plaza, Donibane kalea, eta Altamirako biribilgunea ere pasa ditu gaurko protestak. Azken horretan geldialdia egin dute eta ia biribilgune erdia hartu du manifestazioak. Tarte batean trafikoa etenda izan dute puntu horretan herritarrek, eurez kezka, haserre eta egonezina adierazteko, eta berriro Gurutze Santuaren Plazara jo dute. Bertan bukatu da manifestazioa ekitaldiarekin.
Mezua herritarrek bertan. Haurrek, kutsadurarik gabeko herri batean hazi nahi dutela esan dute; gazteak, etorkizuna txatarra azpian ez dagoela, etorkizuna Lezon eraiki nahi duela; Amak, alaba herri osasuntsu batean haztea nahi duela; auzotarrak, auzoan bizi eta arnasa lasai hartu nahi duela, beldurrik gabe; baserritarrak, lurra eta osasuna babestu nahi dituela.
Suteak, kutsadura, zarata, kamioiak, txatarra normaltzat hartu behar dituztela esaten dietela, baina ez, ez dela normala Lezoko kaleetatik milaka kamioi pasatzea, txatarra mendiak aire zabalean ikustea, ke pozoitsua arnastea, gauez zarata jasan behar izatea, ezta sute baten ostean etxean konfinatua egon behar izatea ere salatu dute. Kezka, haserrea eta egonezina adierazi dituzte gaur lezoarrek.
Gaurko manifestazioaren bidez portu industrialaren jarduerak herritarrengan eta bertako langileengan duen eragin kaltegarria salatu dute, “abuztuaren 21eko suteak txinparta berpiztu zuen arren, hamarkadak daramagu portuaren ondorioak jasaten eta salatzen”. Gogor salatu dute Pasaiako Portu agintaritzak eta bertan lanean diharduten enpresa pribatuek “Camara eta Algeposa kasu” euren etekin ekomno0mikoak handitzea beste helbururik ez dutela, “bost axola zaie herritarron osasuna eta ongizatea. eskura dituzten trikimailu guztiak baliatzen dituzte bete beharreko araudia ekiditeko”.
Horren ardura ere egotzi die erakunde publikoei,” euren konplizitatea salatu nahi dugu”. Multzo horretan zerrendatu dituzte Espainiako Estatua, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, udal batzuk, Eusko Trenbide Sarea, “agerian utzi dute interes kapitalistetatik at jokatzeko duten borondate edota gaitasun falta”. Askotan salatu arren, isiltasun administratiboa jaso dutela erantzun salatu dute, “bizkarra eman digute”.
Euskal Herriko inguru kutsatuenetako batean bizi direla ere salatu dute gaurko protestan, “minbizia kopuru handienak dituena, eta ezin dugu horrela jarraitu”. Horren aurrean exijentzia: “jarduera kutsakor oro etetea”. Horretarako, gainera, ezinbestekoa jo dute herritarrak aktibatzea eta antolatzea. Portuko langileei ere aipamena gaurko protesta jendetsuan, haiek dira-eta kutsaduraren lehen lerroan daudenak, euren gorputza eta lan indarra enpresarien zerbitzura jartzen dutenak, eta beren osasuna arriskuan jartzen dutenak inolako babesik gabe material toxikoekin lan eginez”.
Eskaera irmoa eta horren bueltan lanean eta mobilizatzen jarraitzeko determinazioa: “Pasaiako Badiako biztanleok gure herriak bizigarriak izatea nahi dugu, eta ez dugu utziko gutxi batzuen interes ekonomikoek hori oztopa dezaten. ez dira garaiak enpresa gutxi batzuek gure seme-alabek arnasten duten airearen kontura aberastasuna sortzen jarraitzeko. Gure osasuna edozein interes ekonomikoren gainetik dago”.
Portuaren jardueraren kontra salaketa administratiboa sinadurarekin babestu dutenei eskerrak eman dizkiete.
Portuari eta erakundeei mezu argia: “Herri bizigarrien eta guztion osasunaren aldeko borroka abiatu dugu. Asko daukagu egiteko, urteetan zehar inpunitate osoz jardun dute Pasaiako portuak eta bertan inplikatutako enpresek. Baina aski da”. berriro deia herritarrei antolatu daitezen, egunerokoan ikusten dituzten arau hausteak sala ditzaten, mobiliza daitezen, portuaren zikinkeria eta zarata desnormaliza dezaten, ezarri nahi duten portu lehorra eta plataforma logistikoaren aurkako dinamiketan parte har dezaten.
Ondoren Gaintxurizketako bizilagun batek hartu du hitza eta euren auzoa babestera deitu du, oraina eta etorkizun bizigarri baten alde.
Portu zikinik eta portu lehorrik ez dutela onartuko eta osasuna defendatzera deituta, txalo artean bukatu dute gaurko manifestazioa.
