Etxebizitza duinaren alde eta faxismoaren kontra elkarretaratu dira
Ernai gazte antolakundeak deituta Euskal Herriko 26 herritan, eskualde burutan, elkarretaratzeak egin dituzte etxebizitzaren auziari erantzun integrala eta benetakoa aldarrikatu, eta faxismoari galga jartzeko.
Ernaik deituta elkarretaratzea atzo.Naroa Etxeberria Etxebizitza duinaren alde eta faxismoaren kontra elkarretaratze jendetsua egin zuten atzo Herriko Plazan. Kezka iturri da etxebizitzaren auzian, baina azken asteetan goia jo du oinarrizko eskubide behar lukeen horren inguruko egonezinak. Ernai gazte antolakundeak kalera deitu zuen atzo Euskal herriko 26 herritan, eskualde burutan, zehazki, eta horietako bat izan zen Errenteria-Orereta.
Jendetsua izan zen elkarretaratzea. Etxebizitzaren inguruan eskaera zehatza gazte antolakundeak, “benetakoa eta integrala” den konponbidea. Hori ezean, borroka horretan atzera pausurik ez dutela egingo adierazi du Ernaik.
Etxebizitzaren auziak eraman ditu kalera, ez da ordea izan arrazoi bakarra. Atzo bertan iragarri zuen Espainiako presidente Pedro Samnchezek hauteskundeak aurreratuko dituela; data ere jakinarazi du: azaroaren 29an izango dira. Ingurumari horretan, gertagarria dela epe laburrean PP eta Vox alderdiek osatutako eskuin muturreko gobernu bat uste du gazte antolakundeak, “hori horrela, gaurko mobilizazio hauek etxebizitza duinaren aldeko borrokan ekarpena egiteko ez ezik, ultra eskuinaren kontrako erantzun gisa aurkeztea funtsezkoa iruditzen zaigu”. Izan ere, txanponaren bi aldeak dira Ernairen hitzetan bi auziak, “biak ala biak bizi dugun garaiaren eta kapitalismoaren ezintasunen ondorio dira”.
Azken hamarkadetako eredu sozial, ekonomiko eta politikoa “sostengaezina” jo du, “kapital metaketari eusteko geroz eta herritar gehiago prekarietate gordinera kondenatuta gaude”. Etxebizitzaren kasuan oso nabarmena da hori Ernairentzat, “oinarrizko eskubidea, negoziorako bitarteko bihurtu dute; funts putreak eta enpresari handiak aberastu daitezen gu gero eta pobreagoak gara”.
Egoerak orain arteko ereduarekin moztu eta sakoneko aldaketa martxan jartzea eskatzen du Ernairen aburuz, “aldaketa hori eman ez dadin ultraeskuina indartzen ari da. Han eta hemen milaka pertsona etxebizitza duinaren alde mobilizatzen ari ziren bitartean, PP eta Voxek osatzen duten bloke ultrak arazoa pertsona migratuengan kokatu nahi izan du nagusiki. Horrekin batera, manifestarien zuzeneko kriminalizazioa bultzatu du”. argi esan du Ernaik, “haiei bost axola zaizkie herritarron oinarrizko beharrak, kapitalista handien morroi eta presa txakurrak baino ez dira”.
Euskal Herrian dimentsio bikoitza hartzen duela eskuin muturraren mehatxuak gaineratu du antolakundeak: “Espainiar faxistek gure herria jo puntuan dute. Gure herrian historikoki faxismoak espainolismoaren eta Frantziako jakobismoaren forma hartu du. Oraingoan ere, faxistak Espainiako banderak eskutan datoz, Euskal Herria bera, gure hizkuntza, eta gure askatasun nahia jazartzeko prest”.
Mezu argia Ernaik, “ez dira pasako! Ez duzue lortuko! Hemen badago duintasunez eta aske bizi nahi duen herri bat. ez diegu zentimetro bakarra ere utziko”. Horretarako, “Euskal Herria eraikitzen jarraitzera” deitu zuen Ernaik, “ez baita nahikoa faxismoari aurre egitea, faxismoari alternatiba oso bat gainjarri behar diogu. Euskal Herrian badugu aukera herritar oro duintasunez biziko den euskal errepublikarantz bidea egiteko”.
Ondoko bideoa, Naroa Etxeberriarena da.
