Kluben Gipuzkoako Txapelketan eroso ari da EPLE
Ezker paretan lau jardunaldi egin dituzte dagoeneko eta trinketean lehen bi jardunaldiak egin dituzte jada.
Aitor Estefano pilotaria, Agustina Otaola pilotalekuan.EPLE Gipuzkoako Kluben arteko txapelketa abian da, eta bertan parte hartzen ari dira EPLE Errenteriako Pilotaren Lagunak Elkarteko hamalau bikote senior kategorian. Horietatik 11 talde ezker paretan ari dira, eskuzko binakakoan, larruzko paletan eta gomazko paletan; beste hiruak, trinketean ari dira, eskuz binaka eta larruzko paletan.
Ezker paretan lau jardunaldi jokatu dituzte jada, eta bi trinketean. EPLEk nabarmen jarri du Ohorezko mailako eskuz binakakoan sasoi paregabea erakusten ari direla Santxo eta Aranguren, jokatutako lau partidak irabazita. Bi jardunaldien faltan, finalaurrekoetan da bikotea.
Trinketeko eskuz binakakoan jokatutako bi partidak irabazi dituzte Taberna eta Sorondok. Larruzko paletan Estefano eta Yorelek osatutako lehen mailako taldeak falta diren bi partidak irabazi behar ditu final aurrekoetara heltzeko aukera izateko; bigarren mailako larruzko paleta taldeak berriz, falta den azken partida irabazi eta beste emaitza baten zain izan beharko du final aurrekoetan sartuko den jakiteko.
Talde horiek guztiak jokoan ikusteko aukera dagoela jakinarazi die herriko pilotazaleei EPLEk Agustina Otaola pilotalekuan, doan eta ikasturte osoan. Frontoiaren sarrerako atean izaten da kartelera asteazkenero, baita klubaren web orrian (klik hemen), zein sare sozialen bidez.
