Martxan dira Azkuene Goiako baratze parkearen bigarren faseko lanak
Ibilbidea egokituko da, ezpondak egonkortuko dira, euri urak jasotzeko eta drainatzeko sistemak jarriko dira eta hainbat landaketa egingo dira. Lanek bost hilabeteko iraupena izatea aurreikusi du udalak.
Martxan da Trintxerpeko Azkuene Goia eremuko baratze parkea sortzeko lanen bigarren fasea. Fase horren barruan, ekialdeko eta mendebaldeko baratze eremuak konektatuko dituen ibilbidea egokituko da, ezpondak egonkortzeko lanak egingo dira, euri urak jasotzeko eta drainatzeko sistemak jarriko dira, eta hainbat landaketa egingo dira.
Aipatu bezala, bigarren fasean ekialdeko eta mendebaldeko baratze eremuak lotu egingo dira bide berri baten bidez. Ibilbide horretan zehar, eremuaren ezaugarriei egokitutako atseden guneak sortuko dira. Horrez gain, ezpondak egonkortzeko jarduketak egingo dira, eta euri urak kudeatzeko sistemak ezarriko dira. Proiektuak, gainera, eremuaren ezaugarri topografikoetara egokitutako landaketak ere jasotzen ditu, eremua naturalizatzeko eta euri uraren kudeaketa hobetzeko.
Pasaiako Udalak abuztuan esleitu zituen bigarren faseko lanak 247.447,18 euroko aurrekontuarekin. Horiek gauzatzeko gehienezko epea bost hilabetekoa izatea aurreikusi du udalak.
Proiektua
Azkuene Goiako baratze parkeak erabilera publikoko naturagune zabalago bat osatuko du, baratze eremuak eta aisialdirako eta naturaz gozatzeko espazioak uztartuz. Orotara, ehun baratze inguru sortzea aurreikusi du udal erakundeak, bi eremutan banatuta.
Baratze parkea udal lurretan kokatzen dela gogorarazi du udalak, eta proiektuak eremuaren erabilera publikoa mantentzea aurreikusten duela, baratze erabilera modu antolatuan garatzeko aukera emanez eta naturagunea egokituz.
