Tokikoak ere badu glamourra
Moda pasarela bihurtuko da Lekuona Fabrikaren Sorlekua hilaren 17an, eta bertan Errenteria-Oreretako hamasei merkatarik udazken-neguko proposamena aurkeztuko dute.
Moda desfilearen aurkezpena. Moda pasarela bihurtuko da Lekuona Fabrikaren Sorlekua hilaren 17an, eta bertan Errenteria-Oreretako hamasei merkatarik udazken-neguko proposamena aurkeztuko dute. Gaur aurkeztu dute moda desfilea; kalean egiten zuten lehenik, Merkatuzarrek ere hartu du, eta aurten berriz, agertoki handiago batera lekualdatu dute, Lekuona Fabrikara. Errenkoalde elkarteko Izaskun Calvok azaldu du Errenteria-Oreretako merkatari eta ostalari elkartetik sortu dela ideia, udalak babestu duela, baina atzean lanean direnei egin die aitortza, “lan handia dagoelako atzean”, eta aipamen berezia egin die Monica Gracia kazetariari, hark egingo ditu aurkezpen lanak, eta Oliber Nestarri, Eureka Dance estudioko dantzari eta koreografoak ikuskizunen antolakuntzan duen esperientzia zabala jarri duelako desfilean.
“Oliberrek hitz egiten du merkatariekin, modelo guztiak bilatzen dizkigu, urduritasunak baztertzen ditu… eta Monicak ere lan ikaragarria egiten du; guk lagundu egiten diegu”, azaldu du Calvok.
Muntaketa aurten askoz errazagoa izango dela esan du Errenkoaldeko ordezkariak, “Merkatuzarren iaz pasarela muntatu egin behar izan genuen; Lekuona Fabrikan muntatuta dago, argiak daude, musika… ikaragarria izango da”. Merkatarien erantzunean nabaria izan da hori jada: iaz hamar merkatarik hartu zuten parte eta aurten, hamasei izango dira salgaiak jendaurrera eramango dituztenak. Ikusleek erantzutea falta da orain, “ikuskizuna ziurtatuta dago”.
Moda desfileak iaz izandako arrakasta aipatu du Leire Mazizior Garapen Ekonomikoko zinegotziak, “han izan zen sorkuntza ikaragarria izan zen eta orduan erabaki genuen lekua Lekuona behar zuela”. Iniziatibaren helburuaz hitz egin du Maziziorrek, “herriko merkataritza ikusaraztea, bertako establezimenduen lana eta jarduera balioan jartzea eta herritarrengana hurbiltzea”.
Eskerrak eman dizkio zinegotziak lehenik Errenkoalderi, “urtean zehar egiten duen lanaz gain, horrelako proposamen sortzaileekin herriko merkataritza dinamizatzeko erakusten duen iniziatibarengatik. Konpromisoa eta gaitasunari jarri nahi diet azpimarra”. Tokiko merkataritzak sormena duela, “baduela ekimena eta baduela herriarekin konektatzeko gaitasuna, eta horren adibide da gaur aurkezten ari garen moda desfilea”.
Moda desfilea ez dela moda erakusleiho hutsa izango ere adierazi du zinegotziak, hortik harago, Errenteria-Oreretako saltokien talentuaren eta aniztasunaren erakusgarri izango dela gaineratu du, “aldi berean elkarlanaren eta ilusio partekatuaren adibide ere bada. Moda, kasu honetan, daukagun onena erakusteko aitzakia ezin hobea da: gertuko tratua, komertzio txikiaren kalitatea eta herriaren aldeko apustua egiten jarraitzen duen enpresa sare baten inplikazioa erakutsiko ditu”.
Merkataritza herriaren eta bertako kaleen parte dela jarri du nabarmen, “egunerokoan eskaintzen dizkigun produktuez eta zerbitzuez gain, herriko kaleei bizia ematen die, harremanak sortzen ditu eta herri izaera eraikitzen ere laguntzen du”. Horregatik udalaren konpromisoa herriko kaleak biziberritzen, bisitariak erakartzen eta tokiko ekonomia indartzen lagunduko duten iniziatibak laguntzea dela berretsi du, “eta horretarako ezinbestekoa da merkatariekin, Errenkoalderekin eta herriko gainerako sektoreekin elkarlanean jarraitzea”. parte hartuko duten merkatariak eta desfilatuko duten pertsonak zoriondu ditu, baita talde eragilea zein ekitaldia posible egiten ari diren pertsona guztiak ere”.
Glamourrarekin zita, hilaren 17an, 18:30ean hasita Lekuona Fabrikaren Sorlekuan. Sarrerak 2 euroan salgai dira online (klik hemen) eta presentzialki Lekuona Fabrika edo Aldakoneako Udal Bibliotekan; bertatik lortuko den dirua oraindik erabaki gabe dagoen elkarte bati emango diote.
Desfileean parte hartuko duten saltokiak
- Ayele
- Bambola
- Blond Color
- Calzados Koro
- Casamayor
- Ferreteria El Candao
- Hache
- Ikusi Makusi
- Kalima
- Khubikes
- Lirain Moda
- Love & Paradise
- Mabel Berri
- Paris Lentzeria
- Rasgos
- Tejidos Ami
