Top Fighters txapelketarako sarrerak, salgai
Errenteria Top Fighters txapelketaren zazpigarrena egingo dute hilaren 25ean; 25 euro balio dute txartelek harmailarako zein aulkirako.
Errenteria Top Fighters txapelketaren zazpigarrena egingo dute hilaren 25ean; 25 euro balio dute txartelek harmailarako zein aulkirako. Errenteria Top Fighters txapelketaren zazpigarrena egingo dute hilaren 25ean, igandearekin, Kenthai Fight Clubek antolatuta, eta Errenteriako Udalaren laguntzarekin. Agustina Otaola pilotalekuak hartuko ditu txapelketa barruko borrokaldiak 17:00etan hasita. Ateen irekiera 16:00etan egingo dute, ordu horretatik aurrera sartu ahalko dira ikusleak, eta orduan zabalduko dute txarteldegia ere. Hala ere, aurrez erosi ahalko dira sarrerak, Kenthai klubean, Iratxo tabernan, eta Traxx ile apaindegian, 25 euroan. Prezio bera izango dute harmailek eta aulkiek.
Igandean bertan egingo dute ekitaldiaren pisaketa ofiziala, aurreko urteetan bezala, Iratxo tabernan 11:00etan.
MMA —arte martzial mistoak—, Kick Boxing eta K1 kategorietako hamalau borrokaldi izango dira denera. Aurten ETF titulua lortzeko bi borroka izango dira, bata MMA kategorian eta bestea K1 profesionalean.
Kenthai klubeko entrenatzaile eta arduraduna den Alberto Lopezek borrokalariek baldintza ezin hobeetan iristeko egiten duten prestaketaren gogortasuna jarri du nabarmen, eta igandean Agustina Otaola berriro ere betetzeko gonbita luzatu du, aurreko ekitaldietan bezala, borrokalariei babesa erakusteko.
