'Londreseko momia'-k irabazi du Partida
Ander Lacalleren 'Londreseko momia' lanak irabazi du Lezoko IV. Irakurketa Dramatizatuen Partida, publikoak hala erabakita.
Luis Lacalle, larunbatean, irabazlearen saria eskuan duela.Lezoko Udala Larunbatean jokatu zen Lezoko IV. Irakurketa Dramatizatuen Partida, edo Lezoko IV. Euskarazko Antzerki Testu Lehiaketaren finala. Ikus-entzuleek egindako demokrazia ariketaren emaitza, honakoa: Ander Lacalleren Londreseko momia testua izan zen garaile; publikoak boto bidez erabaki zuen Lacallerena izan zela testurik erakargarriena.
Lehiaketara osotara hamahiru lan aurkeztu ziren, eta Lezo Herri Eskolako jolastokian jokatu zen Partida edo finalerako lau hautatu zituen epaimahaiak: Martin Antxiaren Konfinatuta; Idoia Garzesen Taximetroak, kitto; Ander Lacalleren Londreseko momiak; eta Marina Perosanzen Txakurra hil testuak, zehazki.
Giro ederra izan zen Partidan. Kepa Errastik gidatu zuen, Garazi Esnaola musikariaren laguntzarekin. Lau finalisten testuen irakurketa dramatizatuaz gainera, musikak eta dantzak ere girotu zuten ilunabarra. Behin lan irabazlea hautatuta, haren egiletzaren intriga argitu zen, testuak irakurri bitartean —Intza Alkain, Jurgi Sarasola, Nerea Elizalde eta Xabi Burgos aktoreek irakurri zituzten— inork ez zekielako nork egina zen hura. Intriga baretu ondoren, Partidan parte hartu zuten denek (musikariak, aktoreak, egileak, aurkezleak…) eta publikoa kalejirara batu ziren.
Lezoko Udalak eta Hika Teatroak antolatu dituzte laugarrenez bai testu laburren lehiaketa zein Partida. “Euskarazko antzerki testuen sorkuntza sustatzeko eta sortzaile berriei espazioak eta erakusleihoak eskaintzeko helburuarekin, Lezo arte eszenikoen agertoki bihurtu zen edizio honen final handian”, zehaztu du udalak. Era batera edo bestera lagundu duten denei ere eskerrak eman dizkie udal erakundeak.
