Palestina, plazara
'Gernikaren herritik Genozidiorik ez! gerrarik ez!' lelopean elkarretaratzera deitu du Gernika Palestinak bihar, osteguna, 19:00etan Herriko Plazan.
Palestinaren aldeko elkarretaratzea, iaz Inpunitate osoz eta nazioarteko araudiari muzin eginda ari da Israel Palestinan. Ez du araudia betetzen, eta nazioarteak ere ez dio betearazten. Genozidio gordinaren pean ari dira egunero-egunero palestinarrak, eta egoerak gainera, okerrera egin duela salatu du Gernika Palestina Herri Ekimenak. Hori horrela, bihar osteguna, kalera deitu du Euskal Herriko ehundik gora herrietan.
Mobilizazio deialdi horrekin bat egin du Errenteria-Oreretak; Herriko Plazan egingo dute protesta 19:00etan hasita, eta herri dinamikak herritar guztiak deitu ditu parte hartzera Gernikaren herritik Genozidiorik ez! gerrarik ez! lelopean.
Deitzaileek ohartarazi dute okerrera egin duela egoerak: “Genozidioa eta horrek dakarren des-humanizazio forma guztiak nagusitzen ari dira eta ezin dugu inondik inora egoera tamalgarri hau normalizatu”. Puntu horretan, gosea gerra arma gisa erabiltzea, lurraldea inpunitate osoz bereganatzea, iazko su eten adostuaz geroztik Israelek 1.300 pertsona erail izana horietatik 270 haurrak, edota 8.000 gorpu errekuperatu ezinik direla Gazan… jarri ditu adibide herri iniziatibak.
Zisjordania aipatu du, bertan egoera larriagotu baita, eta horren adibideak ere jarri ditu mahai gainean: “Kolonoen erasoak 1.200dik gora, kanpamenduen suntsiketak, errepresioa eta kolonizazio prozesuaren azkartzea aipatu behar dira”.
Nazioartearekin eta eraikitzen ari den ordena mundial berriarekin kritiko azaldu da Gernika Palestina Herri Ekimena, inperialismoa, kolonialismoa, eta giza eskubideen urraketa sistematikoetan oinarritutako forma ezberdinak iraunkortu, normalizatu, egin direla argi baitu, “jendarteak hori asumitzera bultzatzen dituzten erabakiak gailentzen dira”.
Ezin du gerrak irtenbide izan, argi esan du hori iniziatibak eta elkarrizketa, negoziazioa eta konponbide politikoa jarri ditu aterabidearen oinarri-oinarrian, euskal herritarrak gerraren aurka antolatu eta hausnarketa sakona egitera deituta, “ezin dugu onartu, ezin dugu normalizatu, eta mobilizatu egin behar gara Palestinarren itxaropenari ateak zabalik mantentzeko, eta argi eta ozen adierazteko, inon ere ez, gerrarik ez!”.
Hitzordua bihar, osteguna—hilak 8— 19:00etan, Herriko Plazan, genozidioaren kontra, inpunitatearen kontra, gerraren kontra… eta Palestinaren alde.
