Eragiten hasi da Ziriku
Euskara taldea Lezoko establezimenduekin eta elkarteekin harremanetan jarri da, euskaraz funtzionatzea eskatzeko.
Ziriku euskara taldearen helburuetako bat euskararen erabilera handitzea izanik, arlo horretan eragiteko urratsak egiten hasi da. Herriko denda, taberna, jatetxe eta bestelako elkarteekin (kirol, aisia, gizarte zerbitzu, hezkuntza eta kultura arloetakoak) harremanetan jarri da, gutun bidez, euskaraz funtzionatzeko eskatzeko. Zirikuren izaeraren beste bi ardatzak kontzientzia linguistikoa indartzea eta euskaldunen hizkuntza eskubideak defendatzea dira.
Lezoko euskararen erabilera beherantz doala jakitun, horri buelta emateko ahalegina egingo du Zirikuk. Hala, norbanakoez gain, taldekideek uste dute establezimenduek, eta zerbitzu eremuko eragileek eta elkarteek ere ardura handia dutela euskararen presentzian eta biziberritzen, eta horregatik hasi du haiekin kanpaina. Euskaraz bizitzeko eskatu die.
Eskaeraren xehetasunetan sartuta, gutuna bidali dietenei eskatu diete euskaraz artatu eta hitz egiteko euren esparruetan, eta behar balitz, horietako kideak nahiz langileak euskalduntzeko hautua egitea. Gainera, taldeak oroitarazi du haiek erabiltzen dituzten euskarriak euskarazkoak izateak garrantzia duela, eta zentzu horretan laguntza badutela, Lezoko Udalarena kasu.
Zirikuk azaldu du Lezoko eragile asko euskaraz bizi direla, haien ekarpena aitortu du. Baina euskalduntzearen mapa osoa bete behar dela ziur dira baldin eta herri osoan euskaraz bizitzeko baldintzak izan nahi badira. Iragarri du herriko euskararen erabilerari jarraipena egingo diotela.
