Ondasun Higiezinen Zerga izoztea proposatu du PSE-EEk
Etxebizitza hutsari kanona ezarri, kultur jarduera kalean egiteko bidea erraztea, eta errekarga elektrikoa egiteko guneak instalatzeko hobariak hobetzea ere eskatu du.
Isaac Palencia sozialisten bozeramailea eta Alberto Muñagorri zinegotzia.PSE-EE OHZ Ondasun Higiezinen Zerga izoztu eta elkarte gastronomikoei begira tratu justua eskatu du PSE-EEk. Horrekin batera, etxebizitza hutsari kanona ezarri, kultur jarduerak kalean egiteko bidea erraztea, eta errekarga elektrikorako guneak instalatzeko hobariak hobetzea ere eskatu du. Horiek 2027 urteko ordenantza fiskalei sozialistek egindako ekarpenak.
Ondasun Higiezinen Zerga gainean jarri du fokua PSE-EEk: “Agertoki fiskal berriak horretarako aukera ematen duela sinistuta gaude. Izan ere, Pasaiako portuak lehen aldiz udaleko diru-kutxari ekarpen justuagoa egingo dio”.
Elkarte gastronomikoak ere hizpide sozialistek; horien kasuan irabazi asmorik gabeko gainontzeko elkarteak bezala, hondakinen tasan salbuetsita izatea. Proposamena aurten landu dugu plenoan, baina Podemosek eta EH bilduk ezezkoa eman zioten”. Elkarte gastronomikoei ezarritako hondakinen tasa hori azken hiru urtean %161 igo dela jarri dute nabarmen, ” irabazi asmorik ez duen elkarte gastronomiko batek ezin du helburu ekonomikoak dituen ostalaritza jarduera baten trataera bera izan”.
Errenteria-Oreretako etxebizitzek ordaintzen duten hondakinen tasan ere igoera handia izan dela azken hiru urteetan esan du PSE-EEk, “%50ekoa izan da igoera hori azken hiru urtean”. Hori horrela, ezinbestekoa jo du zerbitzuaren kostu errealaren garapena ezagutzea, baita datorren urterako aurreikusten den kostua ere tasaren gaineko erabakirik hartu aurretik.
Kale eta auzoetan kultur jarduerak sustatzeko, tabernari eta saltokiek herritarrei begirako jarduera kultural irekiak antolatzerakoan kalearen okupazioa %100ean bonifikatzea proposatu du gainera alderdi sozialistek.
Kexu azaldu dira sozialistak, “ekarpenak Ordenantza Fiskalen aldaketen testu osoa izan gabe egin behar izan ditugu, udal taldeek aurreikusitako aldaketa nagusiak biltzen dituen aurkezpen orokorra baino ez dugulako jaso”.
