[Berria egunkaritik hartutako informazioa]
Datorren astean hastekoa zen 2024ko azaroaren 30ean Antxon emakume bat hil zuen gizonaren kontrako epaiketa. Fiskaltzak 34 urteko kartzela zigorra eskatu zuen akusatuarentzat, baina gizonak onartu egin ditu karguak, eta, gaur (hilak 8, osteguna) goizean defentsak eta akusazioek egindako bilera batean, akusatuari hogei urteko zigorra ezartzea adostu dute. Herri epaimahaiarekin Donostian egitekoa zen epaiketa, beraz, ez da egingo.
Hogei urteko espetxe zigorraren atal nagusia —hamazazpi urte— emakumea hiltzeko karguari dagokio; biktimari mehatxuak egiteagatik, berriz, urtebete; derrigortze delituagatik beste urte bat, eta armak bidegabe izateagatik beste hainbeste.
Bere etxean hil zuen 2024ko azaroan 53 urte zituen gizonak 45 urteko emakumea. Tirokatu egin zuen. Hilketaren unean, emakumea alabarekin eta etxe berean bizi zen beste emakume batekin zegoen, eta, horregatik, generoaren eta ahaidetasunaren larrigarriak erantsi zaizkio hilketaren karguari.
Akusazioaren idatzian jasotzen denez, gizona, arma bat soinean, etxebizitzako atarian geratu zen zain. Biktimaren pisukidea iritsi zenean, akusatuak, haren bizkarrean pistola jarrita, atea irekitzeko agindu zion. Etxe barrura sartuta, pisukideari eta barruan zegoen bikotekideari hiltzeko mehatxua egin zien, eta biktimari tiro bat eman zion hanka batean. Orduan, biktimaren alaba sartu zen etxera, eta hiru emakumeak behartu zituen sofan esertzera. Kolpe bat eta beste tiro bat eman zizkion biktimari, eta horren ondorioz hil zen.
Indarkeria matxistarekin lotutako bi salaketa
2020an, biktimak gizona salatu zuen, tratu txarrengatik. Urtebete geroago, Ertzaintzak eginbideak zabaldu zituen gizonaren kontra, indarkeria matxistarekin lotutako beste gertakari batengatik.
Aringarri bat kontuan hartu du ebazpenak: gizonak hilketa egin zuen egun berean jo zuela Villabona-Amasako polizia etxera, eta han arma utzi eta delituak aitortu zituela.
