Udal langileen protesta negoziazio kolektiboaren alde
Errenteria-Orereta eta Pasaiako udaletxeen aurrean protestak egin dituzte udal langileek; manifestazioa Donostian izan da 12:00etan.
Protestak Pasaia eta Errenteriako udaletxeen aurrean gaur goizean.ELA sindikatua Protesta eguna izan dute gaur Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletako langileek, ELA eta LAB sindikatuek deituta. Bi sindikatuek salatu dutenez, urte luzeak daramate lan baldintzak hobetuko dituen akordiorik gabe. Udalhitzeko mahaian bi urteko negoziazioen ondoren EUDELek mahaia eta negoziazio prozesua blokeatu nahi duela ere esan dute: “Azken mahaian, EUDELen gehiengoa duten arderdi politikoek mahai negoziatzaileari bukaera ematea erabaki zuten, oinarrizko aldarrikapenetan bestelako mugimendurik egiteko prest ez zeudela argudiatua. Modu berean udalez udaletako lan-hitzarmenen negoziazioa geldi dago eta negoziazio esparruak orokorrean ez daude aktibo. Beraz, esan genezake orokorrean EAEko udalen negoziazio kolektiboa egoera latzean dagoela”.
Egoera honen ondorioz, udaletako langileen lan baldintzak etengabe okertzen doazela urtez urte esan dute gaurko protestara batu direnek eta Eudelen gehiengoa duten alderdiei Udalhitzeko negoziazioa blokeora eramatea egotzi diete: “Udatik bueltan izan ditugun bi mahaietan negoziazioek ez dute aurrera egin, alderdi politikoek ez dute borondate politiko nahikoa erakutsi, eta gainera, azken mahaia guztiz blokeatu eta negoziazioa bukatutzat eman zuten”.
Erabaki horien aurrean, LABek eta ELAk argi adierazi dute grebak eta mobilizazioak direla sektoreko lan baldintzak hobetzeko bidea, “gogora dezagun EAEko udal langileek jada 2 orduko lanuzteak egin zituztela apirilaren 23an, eta egun osoko 2 greba egun maiatzean eta ekainean. Orduan egindako lanuzte eta greba horien ondorioz Udalhitzeko mahaira eduki berriak ekartzea lortu genuen, baina gatazkari ixteko funtsezko aldarrikapen batzuk falta ziren”.
Gaurko greba deialdia, zehazki, eduki horietako batzuen falta aipatu dituzte bi sindikatuek: soldatetan eta eros ahalmenaren galera berreskuratzeko neurrietan, euskaran, jardunaldi murrizketan, gazteberritze neurrien aplikazioan eta subrogazio eskubidean , zehazki.
Unea “erabakigarria” dela sinistuta daude bi sindikatuak: “gaurko greban udal batzuk guztiz itxi dira eta hainbat eta hainbat udal zerbitzu baldintzaturik daude. Udal langileok gaurko greba egunean ozen adierazi diegu agintariei gure lan baldintzak hobetzeko garaia dela eta hemen erabaki nahi ditugula”.
Bilbon, Gasteizen eta Donostian eginiko mobilizazioetan milaka udal langilek borrokarako prest daudela adierazi dute bi sindikatuen arabera. Pasaiako udaletxearen aurrean eta Errenteriako udaletxearen aurrean ere egin dituzte elkarretaratzeak langileek, eta bertatik, Donostiara joan dira 12:00 zen manifestazioan parte hartzera.
LABek eta ELAk zuzenean interpelatu dituzte EUDEL osatzen duten EAJ, EH BILDU, PSE-EE eta Alderdi Independenteak, “Bada garaia udal sektoreko langileen lan baldintzak hobetzeko. Hala egiten ez badute, sindikatuok hurrengo hilabeteetan udal sektoreko borrokarekin jarraitzeko determinazio osoa dugu”.
