Topoa lurperatzeko eskaera berretsi dute auzo elkarteek
Galtzaraborda-Alabergako auzo elkarteak zoriondu dituzte, haien borrokari esker topoaren geltokia estaliko dutelako. Herri osorako irtenbide "integrala" eskatu dute, ordea.
Errenteria-Oreretako auzo elkarteek berretsi dute euren desioa herrian topoak duen trazatua lurperatzea dela, “eta ez estaltzea”. Jakitun dira soterramendua gauza dadin askoren arteko akordioa, elkarlana eta konpromisoa behar direla, eta 2026ko urtarrilean Euskal Trenbide Sarearekin (ETS) izandako bileran adostutakoa gogorarazi dute: “Bilera horretan ETSk konpromisoa hartu zuen Errenterian topoaren integrazioa hobetzeko aukerak aztertzeko”. Era berean, Galtzaraborda-Alabergako auzo elkarteek eta auzokideek egindako lana eta borroka aitortu dute beste auzoetako bizilagunen topaguneek, hango geltokia estali, eta horren ondorioz azpiegitura eta mugikortasun azpiegitura publikoak eraikiko direlako, “jarraitu beharreko adibide bat da hori”.
Topoaren bidea lurperatzearen eskaria urte askokoa dela azaldu dute auzo elkarteek. “Aldarrikapen hori are garrantzitsuagoa izan da, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak eta ETSren kudeatzaileak Donostian, Altzan eta Pasaian egindako jarduketen ondoren. 370.140.000 euroko inbertsioa egin dute horietan; “auzotarren errebindikazio luzeei erantzunez gauzatu dira, hala nola Pasaiako eta Galtzarabordako errebindikazioei, eta Donostiak, aldiz, kontrako jarrera handia izan du bizilagunen aldetik”.
Errenteriarrek ez dute “bigarren mailako herritar” izan nahi. Topoan ondoko herrietan egin diren lan eta inbertsioek herrian jarraipena izan behar dutela uste dute, eta Galtzaraborda eta Fanderia arteko “bide nakarreko trazatu eta hirigintza hesi justifikaezina” lurpeko bidearekin ordezkatzea galdegin dute berriz ere, “azpiegitura hori 1912koa da. Hirigintza garapenak segurtasun arazo bihurtu den azpiegitura fagozitatu du, eta gainera kutsadura akustikoko arazo etengabeak sortu ditu, etxeak azpiegiturarik gertu daudelako, eta Gaztañoko pasagunea kendu behar delako”. Auzo elkarteek oroitarazi dute Jaurlaritzaren eta ETSren helburuen artean topoak Irun-Donostia trazatuan 7,5 minutueroko maiztasuna bada, derrigor ekin behar zaiola Errenteriako lurperatzeari, egungo bideak, aipatutako arazoez gainera, maiztasun hori bermatzeko aukerarik ez baitu ematen bide bakarrekoa delako.
“Hamarkada batzuk daramatzagu Errenterian topoaren trazadurak eragindako arazoak konponduko dituen konponbide integral baten zain”, zehaztu dute auzo elkarteek, “baina gure hurrengo ekintzek baliabide publikoak kudeatzen dituztenei topoaren hemeretzigarren mendeko trazadurak eragiten dien gainerakoei berdintasunezko tratu homogeneoa emateko exijitzen jarraituko dugu. Horregatik guztiagatik, azpiegitura lurperatzeko konpromisoa eraginkorra eta itundua eskatzen dugu, laster gauzatu ahal izateko. Errenteriak hamarkada batzuk daramatza konponbide integral baten zain, eta ezin du gehiago itxaron”.
Zentzu horretan, herritarrei eskatu diete Lurperatu lelopeko banderak jar ditzatela balkoietan.
