Genozidioak etenik ez duelako, plazara
Gernika-Palestinak deitutako elkarretaratzean 1.096 egun eta gaueko "infernua" salatu zuten atzo.
Atzoko elkarretaratzearen une bat.Laia Urretabizkaia Herriko Plazan egin zen atzo Gernika-Palestina Herri Ekimenak deitutako elkarretaratzea. Dozenaka lagun elkartu ziren deialdira. Hiru urte dira Israelek Palestinako herriaren kontrako genozidioari ekin ziola, Hamasek egindako ekintza armatua aitzaki. 1.096 egun eta gau pasa dira ordutik. “1.096 eguneko infernua Gazan eta egun larri horietako bakoitza, bere 1.096 gau are itogarriagoekin”.
Ustezko su-etena da indarrean han, “su-eten tranpa” da Gernika-Palestinaren ustez. Atzo egindako irakurketan, Israelek genozidioa bukatu duela sinestarazi nahi duela azaldu zuten, “baina gazatarrek ondo dakite horrek aurrera jarraitzen duena”. Su-etenaren hasieratik 1.500 dira Israelek hil dituen palestinarrak, “saldu diguten bakea heriotza gehiago da”. Egun, Palestinako populazio osoa lurraldearen %40an bizi da, etxebizitza eraitsi artean, ospitalerik gabe, eskola suntsituekin. Lurraldean beste %60 Israelen armadaren esku dago.
“Saldu diguten bakeak”, esan zuten atzo Herriko Plazan, “pertsonak hondakinen azpian harrapatzen jarraitzen du, seguruak direla uste duten eraikinak hondatuta erortzen direlako azken urteotako bonbardaketen ondorioz. Eta eraikinak arriskutsuak izan arren, familia osoak etxean giltzapetuta jarraitzen dute, bonbardaketa horien beldur. Bai, dagoeneko egunkarietako azala ez bada ere, Israelek Gaza bonbardatzen jarraitzen duelako. Selektiboak ez diren hilketak, gazatarren etxeen atarian”
“Bake” horrek haur gazatarrak gosearen beldurrarekin biziaraztera eramaten dituela azaldu zuten atzokoan: “Hainbeste beldur, ezen janari plater bat jasotzen dutenean, ez baitute jaten. Beren kanpadendetara eraman, gorde eta itzultzen dira galdetzera: Bihar ere izango al da jatekorik?”.
