Hilaren 22an egingo du Bokalek laugarren topaketa
San Pedroko Udal Aretoa herrian euskararen alde egiten ari den lana ezagutarazteko gune izango da.
Iazko III. Topaketako talde argazkia. Bokalek IV. Topaketa Antolatu du hilaren 22rako (osteguna). San Pedroko Udal Aretoan izango da Pasaiako euskara sustatzeko lanean ari diren eragileen elkargunearen topaketa irekia. Pasaiako Euskal Aholku Batzordea da Bokale, beraz, Pasaiako Udalak zein Bokale osatzen duten eragileek herriko euskaltzaleei gonbita egin diete hara joan daitezen, “euskararen inguruan egiten ari den lana ezagutzeko eta etorkizuneko erronkei elkarrekin heltzeko”. 18:30etik 20:00etara izango da.
Topaketan urtean zehar Bokaleren barruan sektorekako lan-mahaietan egindakoaren berri emango dute. Gainera, hizkuntza eskubideen eta justizia soziolinguistikoaren inguruan hausnartzeko aukera izango da, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiaren eskutik. “Hitzaldiak gogoetarako bide emango du, euskararen aldeko lanean aurrera egiteko eta hizkuntza-eskubideen bermea erdigunean jartzeko”, esan dute Bokaletik.
Euskararen sustapenean nabarmendu diren pasaitarrei aitortza egingo diete aldi berean San Pedroko aretoan, eta ikuskizunetarako tartea ere izango da, Amaia Irazabalek eta Oier Guillanek Pizgailua irakurketa dramatizatua eskainiko dutelako; topaketarako bereziki prestatu dute saio hori. Mokadutxoarekin bukatuko da ekitaldia.
Topaketan izateko interesa dutenek aurrez eman behar dute izena posta elektroniko mezu bat bidaliz.
