Beste bat Donibane Eskubaloiarentzat
Gizonen lehen taldeak bikain hasi du sasoia, jokatutako hiru partidak bere egin baitituzte. Larunbatean Hondarribia Bidasoaren kontra irabazi zuten (21-26), eta Euskal Ligako lehen postuan kokatu dira.
Beste bat. Eta hiru dira jada hiru jardunalditan. Donibane Eskubaloiako gizonen lehen taldeak ohiko bihurtu du irabaztea. Larunbatean garaipen baliotsua lortu zuten arrosek Hondarribia Bidasoaren aurka (21-26), eta Euskal Ligako sailkapeneko lehen postuan kokatu dira sei punturekin. Partida gogor eta bizia jokatu zuten sanjuandarrek eta hondarribiarrek, eta une erabakigarrietan bere erritmoa ezarriz, bi puntuak lortu zituzten arrosek.
Lesioengatik eta lan arrazoiengatik, baja garrantzitsuak izan zituen Donibanek. Hala ere, taldeak hutsune horiei aurre egitea lortu zuen, bigarren taldeko jokalariei esker. Harrobitik igotako jokalariek aurrerapauso bat eman zuten larunbatean, eta anbizioz eta talde nagusiari laguntzeko gogo handiz, bajen eragina txikia izan zen taldearen errendimenduan.
Garaipenaren gako nagusiak partida osoan egindako defentsa lan ikusgarria eta atezainen ekarpen erabakigarria izan ziren. Hondarribia Bidasoak estutu zuen minutuetan, arrosen atezainek erantzun bikaina eman zuten, aurkarien aukerak geldiaraziz.
Kirol arloa alde batera utziz, Jaizkibelgo derbiak bi kluben arteko harreman estua eta giro ona agerian utzi zituela adierazi du klubak. Kantxan lehia izan arren, partida kiroltasun eta elkarrekiko errespetu osoz jokatu zen, jokalarien, entrenatzaileen eta zaleen artean. “Horrek bi klubak lotzen dituen auzotasun-harreman bikainak islatzen ditu”, esan du klubak.
Larunbateko bi puntuekin, Euskal Ligako lehen postuan kokatu da Donibane. Arrosak buru-belarri ari dira jada laugarren jardunaldiko partida prestatzen. Sanjuandarren hurrengo partida larunbatean (hilaren 17an) izango da, Larrabiden eta Corazonistasen kontra, 18:30ean.
