Danzonetik mambora, EMKE Bandarekin
Musika bandak emanaldia egingo du igandean, hilak 18, Koldo Mitxelena ikastetxearen jolastoki estalian.
Gaur aurkeztu dute igandeko EMKE Bandaren kontzertua EMKE Musika Bandak berritzeari beldurrik ez diola erakutsiko du beste behin ere. Igandean emanaldia eskainiko du, ez ohikoa, Karibeko doinuak aukeratu baititu musika hitzordurako. Gaur aurkeztu du kontzertua Alain Aierdi Gurpegi bandaren zuzendariak, Aizpea Otaegi alkateak eta Maite Gartzia Kultura zinegotziak lagunduta.
Bi ideiari azpimarra, Aierdik: beste publiko batengana ere heldu nahi dutela emanaldiaren bidez, “Latinoamerikako jatorria duten herrikideengana ere heldu nahi dugu kontzertu honen bidez”. Bigarrena, emanaldi horretan nagusi eta oinarri izango den perkusioaren ardura musikari gazteek izango dutela, “helduenak 20 urte izango ditu”.
Karibeko haizeak. Danzonetik manbora izenburupean, hori aurkituko dute entzuleek, Karibeko doinuak barra-barra emanaldi biribilean. Ez da dantzarako emanaldia izango, argi adierazi du Aierdik, “eserita entzuteko eta gozatzeko emanaldia izango da”. EMKEren igandeko proposamena musika bidaia kronologiko eta geografikoa izango da eta erritmo tropikalak Mexikoko folklorearekin uztartuko ditu Kubako Danzonaren garapen gisa sortu zen mamboa, hala azaldu du EMKEk, son montuno eta perkusio afrokubatarraren erritmoekin nahasita, zehazki, “bilakaera unibertsal hori jaso nahi izan dugu guk kontzertu honetan, Afrikako erritmoetatik hasi eta Kuba, Brasil, Mexiko eta Puerto Ricora eramango gaituena”.
Emaitza, emanaldi koloretsu, indartsu eta bizia izatea nahi dutela gaineratu du Aierdik, “erritmo goxo, bizi eta kutsakorrez osatutako konposizioak medio”. Proposamen eszenikoak berritze prozesuetan sakontzen jarraitzea dutela helburu ere esan du zuzendariak, “eklektizismoa eta zeharkakotasuna baliatuta, musika proposamen ezberdinen arteko fusioak ahalbidetuz”.
Egitarauari begira ere jarri da EMKEkoa gaurko agerraldian: “Keinu berezi batekin hasiko dugu emanaldia”. Berezia eta berritzailea zalantzarik gabe, Ludwig Van Beethoven eta mamboaren errege gisa ezaguna izan zen Damaso Perez Prado konpositore kubatarraren musika fusioa egingo dute, “Beethovenen 5. sinfonia eta Perez Pradoren Manbo N 5 ezagunaren arteko fusioa egingo dugu, XVIII. mendeko konposiziorik esanguratsuenetakoa eta XX. mendeko Kuba-Mexikoko erritmo unibertsaletakoa konposizio berean batuta. Zeharkakotasunetik helduko diogu musikari”.
Arturo Marquezen Danzon N2, Kees Vlakenen Las playas de Rio, Jose Pablo Moncayo Garciaren Huapango, edota Rafael Hernandez Marinen El Jibaritoren El Cumbanchero, entzuteko eta gozatzeko aukera ere izango da.
Aizpea Otaegi alkatearentzat beste jatorritako pertsonei gonbidapen zuzena delako oso proposamen interesgarria iruditu zaioa musika bandaren igandeko emanaldia, “kalean kontzertuak egitea bada jende guztia gonbidatzeko modu bat, eta uste dut bide horretan Koldo Mitxelenako espazioak funtzionatzen duela, jende guztia akaso ez delako eseriko kontzertua entzutera, baina hesiaren inguruan jende asko biltzen da. Ea igandean hesian gelditzen diren horiek barrura sartu eta esertzeko urratsa egiten duten. Polita da jatorri ezberdinetako jendeari bere kulturatik, bere folkloretik ere keinua egitea, eskertzea eta zoriontzea”.
Maite Gartzia Kultura zinegotziak bandaren gainean mintzatzerakoan behin baino gehiagotan errepikatu duen ideia jarri du nabarmen gaur ere, musika banda herriaren altxorra dela, alegia, “eskertzekoa da egiten dituzuen ahaleginak herritar guztiak Errenteriako parte senti daitezen. Kontzertu honetan, migrazioak, transbertsalitateak, pertsona guztiak gonbidatzeak komunitatea egiten du eta hori eskertzekoa da”.
Hitzordua, igandean, Koldo Mitxelena ikastetxearen jolastoki estalian 12:30ean.
