Zubitxo errekaren ingurua berroneratzea eskatu du Lezoko PSE-EEk
Sozialisten ustez egoera txarrean da erreka, batez ere Auñamendi eta Arretxene kaleen pareko zatia. "Premiaz" jardun dezala eskatu dio udal gobernuari.
Zubitxo erreka, Zubitxo inguruan.Lezoko PSE-EE Zubitxo errekaren ingurua, bereziki Auñamendi eta Arretxene kaleen parean egoera txarrean dagoela azaldu du Lezoko PSE-EEk. Horren harira, errekaren ingurua berroneratzeko eta Zubitxoko garbitokia berreskuratzeko eskatu dio gobernu taldeari, “premiaz” gainera. Hori guztia egiteko plan integrala eskatu du Joxean Sanchez sozialisten eledunak, “bizilagunentzat espazio seguru, garbi eta irisgarri bat” bermatzeko. Gainera, garbitokia Lezoko memoria kolektiboan “funtsezko elementua” dela ziurtatu du. Inguruko bizilagunek eskaera horiek maiz egin dituztela zehaztu du Sanchezek.
Errekaren egoera hobetu eta garbitokia egokitzeak herriko historiari balioa emango liokeela azaldu du Sanchezek, eta gainera, Lezoko “erakargarri turistiko eta kultural” bihurtuko liratekeela nabarmendu du: “Zubitxo erreka eta garbitokia gure herriaren nortasunaren parte dira, eta erakundeen betebeharra da horiek babestea eta biziberritzea”.
Ingurumen arloari ere eutsi dio Lezoko PSE-EEk, azalduz biziberritze lan horietan kontuan hartu beharreko gaia dela uholdeak ekiditeko neurriak hartzea, “inguruneko segurtasuna bermatzeko”.
