Sutea Errenteria-Oreretako etxebizitza batean
Gaur (osteguna) 17:00ak aldera sutea izan da Errenteria-Oreretako Nafarroa etorbideko etxebizitza batean. Sutearen berri inguruan ziren herritarrek eman diete larrialdi zerbitzuei.
Gaur (osteguna) 17:00ak aldera sutea izan da Errenteria-Oreretako Nafarroa etorbideko etxebizitza batean. Sutearen berri inguruan ziren herritarrek eman diete larrialdi zerbitzuei. Zehazki, Nafarroa etorbideko 73. atariko etxebizitza batean izan da sutea; kea, baina, Francisco Gazkue kaleko lehen pisuko balkoi batetik ateratzen ari zen, ataria Nafarroa etorbidean egon arren, etxebizitzaren balkoiak Francisco Gazkuera ematen duelako. HITZAk jasotako informazioaren arabera, osasun zerbitzuek hainbat bizilagun artatu dituzte tokian bertan, kea arnastu dutelako.
Abisua jaso eta berehala joan dira gertakariaren eremura Errenteriako Udaltzaingoa, Ertzaintza, suhiltzaileak, eta osasun zerbitzuak. Sutea 17:00ak aldera izan denez, jende asko zebilen inguruan, beraz, sutearen nondik norakoak jakin-minez ikusten izan dira. Nafarroa etorbideko trafikoa hainbat tartetan eten dute gainera. 17:30erako itzalita zen sutea.
Kea arnasteagatik artatua izan den herritar horrez gain, HITZAk ez du jakiterik izan ea beste zaurituren bat ote den, ezta kalte materialak zehazki zer norainokoak izan diren. Hala ere, sutearen kalte material esanguratsuenak hura sortu den etxebizitzaren eremuan bakarrik izan direla azaldu dio HITZAri bizilagun batek.
