Goi mailako karatea Donibanen
Larrabide kiroldegiak Euskadiko Karate Txapelketa jasoko du larunbatean, egun osoz. Donibanen 22 klubetako 143 kirolari bilduko dira.
Euskadiko Karate Federazioak, Pasaiako Udalaren laguntzarekin, Euskadiko Karate Txapelketa egingo du larunbatean (hilaren 17an) Donibaneko Larrabide kiroldegian. Pasaiak goi mailako karate txapelketak jasoko ditu etzi, eta horiek aurkeztu dituzte Julen Rodriguez Kirol zinegotziak, Jose Manuel Colas Euskadiko Karate Federazioaren presidenteak eta Carlos Rodriguez Pasaiako Kiru-Do Karate Klubeko ordezkariak.
Donibanen Euskal Autonomia Erkidegoko 22 klubetako 143 kirolari bilduko dira, kata eta kumite modalitateetan lehiatzeko. Parte hartzaileak kadete, junior eta senior mailetakoak izango dira, eta karate egokituko probak ere jokatuko dira Larrabiden. Topaketa handia izango da. Orotara, 175 izen emate zenbatu dira, 32 borrokalari bi modalitateetan arituko baitira. Kiru-Do klubetik 14 kirolarik hartuko dute parte. 10:00etatik aurrera kanporaketak jokatuko dira, eta 16:30etik finalak.
Parte hartzaileak Bizkaitik (64), Arabatik (50) eta Gipuzkoatik (29) iritsiko dira Donibanera. 143 parte hartzaileetatik %48,3 emakumeak dira, eta senior mailak jasoko ditu borrokalari gehien, kategoria horretan 59 kirolari lehiatuko baitira, emakume zein gizonak. Kadete mailan 41 kirolari arituko dira, eta juniorretan 40. Karate egokituan, aldiz, 3 borrokalarik hartuko dute parte.
Julen Rodriguez Kirol zinegotziak tamaina eta garrantzia horretako txapelketa bat jasotzearen garrantzia nabarmendu du: “Pasaiarentzat pozgarria da horrelako txapelketa bat hartzea, hainbat adin eta lurraldetako kirolariak biltzen dituena eta gure kirol instalazioak elkargune bihurtzen dituena. Kirol jarduera sustatzeaz gain, honelako ekitaldiek aukera ematen dute kirolak transmititzen dituen ahalegina, konstantzia eta balioak aitortzeko, eta, aldi berean, hainbat diziplina herritarrengana hurbiltzeko”.
Udalak Larrabidera gerturatzeko deia luzatu die herritarrei, kirol jardunaldiaz gozatzeko eta kirolariei babesa emateko.
