Elkartasun ikusgarria Lezotik Argentinara
Lezo Optikako Alicia Osak Argentinan egindako elkartasun kanpaina batean parte hartu du. Ia 600 betaurreko banatu dituzte han.
Alicia Osa lezoarra (eskubian), betaurrekoak jaso dituen haur batekin, eta Pedro Duc nahiz Elena Garbayo kooperatzaile nafarrekin. Lezo Optikako arduradun Alicia Osak Argentinako Villa Gobernador Galvez herrian (Santa Fe probintzian) egindako elkartasun kanpaina batean parte hartu du. Harekin batera izan dira Elena Garbayo eta Pedro Duc optiko nafarrak. Cione Ruta de La Luz fundazioaren egitasmo batean parte hartu dute hiruek: martxoan 758 ikusmen errebisio egin zituzten han, eta horren arabera, ia 600 betaurreko eman dizkiete berriki ikusteko aparatu horien beharra zutenei.
Martxoko ikusmen azterketak haur, heldu eta adinekoei egin zizkieten. Ikastetxeetan nahiz bestelako eragileen egoitzetan egin zituzten horiek, tokian tokiko arduradunen laguntzarekin. Askotariko beharrak zituztenekin topo egin zuten han Euskal Herriko ordezkariek: betaurrekoen graduazioa eguneratzeko beharra zutenak atzeman zituzten; adinekoen kasuan, euren beharrak betetzen ez zituzten betaurrekoen jabeak ere artatu zituzten; edo izan ziren euren ikusteko gailuak hautsita zituzten haurren kasuak ere. “Azterketen eskatzaileen kopurua oso altua izan zen. Probak egiteko izen emate epea zabaldu, etab gutxira itxi behar izan zen eskarien kopurua izugarri handia izan zelako”, esan dute Cione Ruta de La Luz fundazioko kideek.
Proiektua Hego Amerikarekin Elkartasuna erakundearen bitartez garatu ahal izan da, betiere Argentinako tokiko eragileen laguntza eta parte hartzearekin.

Argentinako proiektuan parte hartu dutenen talde argazkia. Behean eta ezkerraldean eserita dagoena da Alicia Osa.
