Ordenantza fiskalen proposamena aurkeztu du udal gobernuak
2027ko ordenantza fiskaletan, besteak beste, tasa turistikoa sortu eta portuko azpiegiturei tasa maximoa aplikatuko zaie.
Pasaiako Udal Gobernuak 2027ko ordenantza fiskalen proposamena aurkeztu du. Proposamenak %2,5eko eguneraketa planteatu du udal zerga eta tasetan. Eguneraketa hori egungo inflazioaren azpitik dagoela adierazi du udalak: 2026ko abuztuko azken datu ofizialen arabera, urte arteko KPIa %4,5ekoa da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta %4,9koa Gipuzkoan.
Eguneraketa orokor horren barruan salbuespenak daudela baietsi du udal erakundeak, eta horien artean dago adinekoentzako eguneko arreta zentoarena. Datorren urtean egungo hileko tasen prezioa mantenduko da, KPIaren araberako igoerarik aplikatu gabe.
Eguneraketa orokor horrez gain, proposamenak beste hiru zerga eta tasa zehatzei eragiten dieten aldaketak jaso ditu: ostatu turistikoena, turismo gurutzaontziena eta ezaugarri bereziko ondasun higiezinei (portua, kasu) aplikatu beharreko zerga tasa (BICEa).
Pasaiak tasa turistikoa ezarriko duela jakinarazi du udalak. Hotel eta ostatu turistikoen kasuan, proposamenak tarifa ezberdinak ezarri ditu establezimenduaren kategoriaren arabera. 5 eta 4 izarretako hotelei zerga tasa maximoa aplikatuko zaie (6,50 euro), eta hortik beherakoei minimoa.
Gainerako establezimendu turistikoek, hala nola landetxeek edo aterpetxeek, gutxieneko tarifa izango dute. Proposamenak establezimendu turistikoen kategoriaren araberako progresibitatea jaso du, maila altuagoko ostatuetarako tarifa handiagoak ezarriz.
Etxebizitza turistikoei dagokienez, Pasaiako Udalaren Arau Subsidiarioetan ez dago baimenduta etxebizitzak erabilera turistikora bideratzea.
Pasaian geldialdia egiten duten gurutzaontziek, aldiz, proposamenak 7 euroko tarifa ezarri du ontzi turistikoan dagoen pertsona bakoitzeko (legeak ezarritako gehieneko muga).
Azkenik, ezaugarri bereziko ondasun higiezinei (tartean, portu azpiegiturak) aplikatu beharreko zerga tasa %0,7koa izatea proposatu du udal gobernuak. Ehuneko hori araudiak baimentzen duen gehieneko tasa da. 2026an Gipuzkoako araudi fiskalak BICEen figura jaso du, eta udalaren arabera, horrek aukera emango du lurraldean lehen aldiz mota horretako azpiegiturei OHZren bidez dagokien tributazioa aplikatzeko.
Norabide ezberdinak
Udalak adierazi du neurri horiek norabide ezberdinak uztartzen dituztela: alde batetik, udalaren diru sarrerak handitzeko bide berriak aktibatzea, eta, bestetik, gizarte izaera duten zerbitzuetako erabiltzaileengan ahalik eta eragin txikiena izatea eta ordainketa bidezkoagoa bermatzea.
“Turismo jarduerari eta portuko azpiegiturei lotutako zerga eta tasen bidez lortutako baliabide berriek udalaren aurrekontu ahalmena handituko dute, eta, horren bidez, udal zerbitzuei eutsi eta herria hobetzeko beharrezkoak diren inbertsioak egiteko baliabide gehiago izatea ahalbidetuko da”, nabarmendu du udalak.
