Kalea bilakatu dute abenturarako agertoki
Duela bi urte hasi zuen bidea The Jubi Brothers taldeak Gaizka Mendibe, Patxi Hoyos, eta Carlos Zubiria hirukoaren eskutik. Kalea aukeratu dute pasio duten musika jotzeko.
The Jubi Brothers musika taldea, kala duen agertokian jotzen. Musika eta kalea uztartu dituzte Patxi Hoyosek, Gaizka Mendibek eta Carlos Zubiriak, The Jubi Brothers taldeko kideek. 1970eko hamarraldiko kantuak oparitzen dituzte, eta trukean irribarre bat baino ez diete eskatzen ondotik pasatzen direnei, euren musikarekin haiek gozatzen dutenaren erdia gozaraztea besterik ez.
Urteetako eskarmentua dute musika munduan Mendibek eta Zubiriak; Casual Blues, The Blue Velvet Band, eta hamar urte kalean musika egiten ditu soinean Mendibek. Zubiria, berriz, Comando Souton taldean aritu zen besteak beste, eta azken 25 urteetan hoteletako musika taldeetan aritu da jotzen. Hoyosek ez du talde esperientziarik izan orain arte, ikasketak bai, ugari egin dituela dio, «rocka dut gustuko eta kalean abestea, baina azken horretarako adorea behar da».
Hirurek dute musika pasio, eta egiten duten horren agertoki naturala eta bakarra sentitzen dute kalea; erretiroa hartuta, duela bi urte abiatu zuten batzen dituen musika abentura, eta ordutik, Errenteria-Oreretako kaleetan, Hernanin, Trintxerpen, Ordizian, Lasarte-Orian, edota Tolosan egiten dituzte emanaldiak. Kalea dute agertoki, haiek hala aukeratuta.
Kalean jotzea «esperientzia bakarra»
The Rolling Stones, Bob Dylan, Johnny Cash, Kenny Rogers, Iggy Pop, edota Fisher Z banden doinuak jotzen dituzte, bi ordu eta erdiko saioetan, eta euskal musika ere tartekatzen dute: «Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Txomin Artola edota egungo taldeenak, Nogen, kasu. Estandar batzuk ditugu ere errepertorioan, garai batean diskoteketan jartzen zituztenak eta jendeak biniloetan entzuten zituenak».
Countrya eta rocka oinarrian, eskaintza doinu melodikoetara ere zabaldu dute, «reggaetoia da egiten ez dugun bakarra, horren amets gaiztoa gara», dio, umorez, Zubiriak.
Kalean jotzea «esperientzia bakarra» dela dio bestalde Mendibek; bat datoz horretan hiruak. «Errepertorioaren bidez jendea mugitu gabe bidaiaraztea dut gustuko, musikaren bidez urte mordo bat atzera egitea, eta uste dut gure taldeak hori lortzen duela». Harago jo du Zubiriak, eta kalea, «autentikotasuna» eta «esentzia» direla esan du: «Zure emanaldia kartel batean iragartzen dutenean jendeak beste traje bat janzten du zu ikustera joateko. Kalean, ordea, jendea bere gauzekin pentsatzen doa eta bat-batean egiten du topo gurekin, ustekabean; gustuko dutenak gelditu egiten dira, eta besteek aurrera segitzen dute. Ez dago jende kopuru estatiko bat aretoan bezala, jende mordoa baizik, askotarikoa, joan-etorrian dabilena gu jotzen ari garen bitartean».
Askatasun erabatekoa
Presioa aipatu du Hoyosek. «Areto batean, oholtza gainean presioa duzu, jendea zu ikustera doa eta maila eman behar duzu. Kalean ez dago presio hori. Askatasuna erabatekoa da».
Emanaldia bitartean zabalik izaten dute gitarra zorroa, «instrumenturen bat konpondu-edo egin behar badugu, zerbait erosi, jasotako horrekin moldatzen gara». Dirua botatzen diete, baina bestelakoak ere jaso izan dituztela kontatu dute: «Gitarra zorroan denetarik utzi digute, laranjak, eztia, zapiak, harmonikaren bat, ogia, pastelak… Halakoei garrantzi handia ematen diegu, finean, jendea gurekin atsegina izaten saiatzen delako».
Ohikoagoa zen garai batean jendea kalean abesten aurkitzea, musika jotzen. Gaur egun, ordea, zailagoa da, gutxiago dira bide hori hartzen dutenak. Horren arrazoia ez dakitela aitortu dute hiru errenteriarrek. «Uste dut jende batek perroflautekin lotzen duela kalea, agertoki handiak eta ekipo itzelekin nahi izaten ditu egin emanaldiak; bada kalea gustuko ez duen jendea, kalean musika jotzea gutxiesten duena. Guk, berriz, erabat kontrara ikusten dugu, kalea da gure musikarako espazioa». Kalea gustuko duzuna egiteko lekurik egokiena dela gaineratu du Hoyosek, «kalea bat-batekotasuna da, zu hor zaude zerbait eskaintzen eta gustuko duena geldituko da entzutera».
Euren jardunarekin zein ekarpen egiten duten galdetuta jendearengandik jasotakoari egin dio erreferentzia Zubiriak, «esaten digutenez alaitasuna, kaleari poza jartzen diogu. Hori, muntatzen ari garenean». Egiten duten horrekin bilatzen duena argi du, berriz, Mendibek: «Inguruan irribarreak piztea, gu entzuten gaituzten tarte horretan beste ezer, ez kezka ez buruhausterik ez izatea jendeak, goza dezan. Helburu nagusia hori, gozatu eta gozaraztea». Harro hitz egin du Hoyosek: «Batek baino gehiagok esan izan digu zorte handia dela The Rolling Stones eta Bob Dylanen doinuak zuzenean entzutea; luxua dela». Behin, gizon bat hunkituta, negarrez gerturatu zitzaiela ere esan dute, «eskertuta jo genuen abesti batek gaztarora, beste garaietara eraman zuelako, eta berezia izan zelako harentzat».
Taldea sortu zutenetik jende ugari ezagutu dutela nabarmendu dute, «askok ematen dizkigute eskerrak. Handia da hori, gero».
Anekdota ugari ere bildu dituzte denbora honetan, «gehienak onak», baina tartean ezatseginen bat ere izan dute. «Behin, bildutako diru guztia lapurtu ziguten. Instrumentuak-eta jasotzen hasi eta gitarra zorroan utzi genuen dirua. Ikasi dugu, eta orain lehenengo gauza dirua jasotzea izaten da». Barrezka kontatu dute jotzen ari direla txakurren bat pasa, zaunka egin, eta despistatu egin izan direla, edota abesten ari direla bateren bat gerturatu eta hizketan hasten zaiela, «kalea barregarria ere bada».
Balantzan jarriz gero argi utzi dute kaleak irabaziko duela beti, han sentitzen dira eroso, han dira zoriontsu. Musikarekin lotuta ametsen bat ote duten galdetuta, zorrotz erantzun du Zubiriak: «71 urte ditu Txominek, eta 67 Gaizkak eta neuk. Oraintxe bertan oso pozik nago nire buruarekin, ez dut ez disko bat ezta ekitaldi erraldoi bat egiteko inolako asmorik ere. Gustura naiz, osasuna tarteko, orain arte bezala mantentzen bagara». Bide beretik jo dute Hoyosek eta Mendibek. Harago joan da azken hori, baina: «Zoriontasuna zer den badakigula esateko moduan garela uste dut, edo oso gertu gaudela. Ametsa bete dugu beraz, etxera ikaragarri pozik goazelako. Zertarako bilatu gehiago? Oraina da ametsa».
