Herrian antzerkiarekin amets egiteko egunak
Antzerki Ametsetan antzerki talde amateurren jardunaldiak izango dira herrian asteburuan. Errenteria-Oreretatik, Antxotik eta Lesakatik hiru proposamen iritsiko dira Lezora.
Antxoko Anakrusaren saioa bihar (larunbata) izango da. Arte eszenikoen programazio zabal eta iraunkorra du Lezok. Euskal Herriko antzerki eta dantza konpainia askok ia-ia etxe dute Gezala Auditoriuma. Herrian, beraz, bada kultura zuzenean bizitzeko ohitura duen publikoa, baina baita era aktiboan kultura sortzekoa ere. Horren erakusle da Orratx! Antzerki Taldea, haur, gazte eta helduekin ari baita lanean aspalditik. Talde amateurra izanik, ordea, antzokien zirkuituetatik urrun bizi dira; horri neurri batean irtenbidea emateko iniziatiba da Antzerki Ametsetan. Asteburu honetan jasoko ditu Lezok berriz ere antzerki talde amateurren jardunaldiak (ondoko orrialdeko zerrendan daude emanaldien xehetasunak).
Lezoko Udalaren eta Orratx!-en artean antolatu dute antzerki talde amateurren topagunea, «eskerrak eman nahi dizkiot udalari jardunaldiek egonkortasuna lortu dutelako haien babesari esker», azaldu du Lierni Fresnedak, Orratx!-eko kideak. Antzerki talde ez profesionalek oholtzak izatea garrantzitsua dela uste du Fresnedak, «ez gara honetaz bizi. Baina guretzat garrantzitsua da gure lana besteen aurrean erakustea». Hala, asteburuan Lezon izango diren jardunaldien antzekoekin beste herri batzuetara joateko aukera dute Lezoko antzerkizaleek, eta era berean beste herrietako proposamenak herrira iristen dira: «Beste era bateko zirkuitua da, baina txikia bada ere, gure tokitxoa izatea beharrezkoa da».
Gaurtik (ostirala) igandera luzatuko dira Antzerki Ametsetan jardunaldiak. Gaurko lehen saioan Errenteria-Oreretako Herri Arte Eskolako antzerki taldeak Besaulkiak, eseri, obeditu, ala altxa? lana taularatuko du Gezalan. Lehen aldiz izango dira Lezon. «Izugarrizko ilusioa dute. Gotzon Barandiaranen testu bat egokitu dute Oreretako errealitatera. 12-13 aktore dira, 27-50 adin tartekoak. Oso ondo pasako dugu haiekin, urte osoko lana dute atzean».
Larunbatean, Antxoko Anakrusaren Garden kale ikuskizunaren txanda izango da, Goiko Plazan. 9 urtetik 60ra arteko kideak biltzen ditu herri ekimenez sortutako taldeak, «Antxoko adin guztietako herritarren nahasketa oso interesgarria da haiena».
Igandean, berriz, Lesakako antzezleak herrian, Mairu Antzerki Tailerrekoak zehazki. «Oso gertuko lana eskainiko digute. Obraren prozesu guztia haiek egin dute, eta komunikazioaren edo inkomunikazioaren gaineko lana da. Oso garrantzitsua da, gainera, Nafarroatik hona norbait etortzea. Ea datozen urteetan beste herrialdeetatik ere iristen diren taldeak. Talde amateur asko daude Euskal Herrian», azaldu du Fresnedak.
Pilulak
Arte eszenikoen asteburua, ordea, ez da Antzerki Ametsetan-era mugatuko. Orratx!-ek bultzatutako Ipuin Pilulak egitasmoaren lehen saioa ere egingo dute bihar (larunbata) antzerki taldearen lokalean. Helduentzako tailerra da, ipuinak sortu eta kontatzeko gogoa, jakin-mina eta pasioa duen edonorentzat. Osotara sei saiokoa izango da tailerra, urrian, azaroan eta abenduan bina egingo dituzte. «Pilulak egitasmo zabala dugu abian udalarekin elkarlanean. Hala, jendea arte eszenikoetara modu hurbil eta xumean hurbilarazteko egitasmoa da Pilulak, eta horrekin hainbat alor jorratu nahi ditugu. Ipuinen atalarekin hasi gara, Ipuin Pilulak».
Arrakasta osoa izan du tailerrak. Plaza guztiak agortu ziren, eta gehiago egokitu behar izan dituzte. Hala ere, eskari guztientzako tokirik ezin izan dute atondu, eta bost pertsonako itxaron zerrenda ere dute. «Izena eman dutenen artean adin eta izaera ezberdineko jendea dago. Sekulako arrakasta izan du proposamenak, pozik gaude erantzunarekin».
Ameli ipuin kontalariak gidatuko ditu sei saioak, eta Fresnedak ziurtatu du gertuko giroa, goxoa, eta dibertigarria lortuko dela horietan. «Tailerretik ez dira produktuak edo lanak atera behar derrigor. Jendeak barruan duen hori ateratzea besterik ez dugu nahi, eta hala izango dela uste dugu», zehaztu du Orratx!-eko kideak.
Antzerki Ametsetan. Egitaraua.
- Gaur (hilak 16, ostirala). 19:30ean, Gezala Auditoriumean, Errenteria-Oreretako Herri Arte Eskolako antzerki taldearen Besaulkiak, eseri, obeditu, ala altxa? antzezlana.
- Bihar (hilak 17, larunbata). 12:00etan, Goiko Plazan (eguraldi txarrarekin Lezo Herri Eskolako patioan), Antxoko Anakrusa taldearen Garden ikuskizuna.
- Etzi (hilak 18, igandea). 19:30ean, Gezala Auditoriumean, Lesakako Mairu Antzerki Tailerreko kideen Pinpilipauxa horiak antzezlana.
SARRERAK
- Emanaldi bakoitza. Emanaldi bakoitzaren prezioa 5 eurokoa da. Unean bertan erosi behar dira sarrerak.
- Bonua. Hiru ikuskizunen bonuaren prezioa 10 eurokoa da. Hori ere leihatilan erosi behar da.
