Indarkeria matxistak Angelun eragindako heriotza salatu dute
Pasaiako Udalean ordezkaritza duten EH Bildu, Podemos eta EAJ alderdiek irmoki eta aho batez gaitzetsi dute Angeluko erailketa.
Pasaiako Udalean ordezkaritza duten EH Bildu, Podemos eta EAJ alderdiek “irmoki eta aho batez” gaitzetsi dute Angelun indarkeria matxistak eragindako heriotza. Emakume batek bere buruaz beste egin zuen bortxaketa salatu eta egun gutxira.
“Hau ere erailketa matxista bat da, eta horrek gogorarazten digu, beste behin ere, indarkeria matxista dela gure gizartean oraindik ere bizirik dirauen desberdintasun estrukturalaren adierazpenik larrienetakoa”, adierazi dute hiru alderdiek.
EH Bilduk, Podemosek eta EAJk nabarmendu dute ez direla kasu isolatuak, baizik eta “sistematikoki” ematen den indarkeria bat. Horri aurre egiteko, erakunde, gizarte eragile eta herritarren konpromiso aktiboa ezinbestekoak direla baietsi dute.
Angeluko gertakariaren harira, hiru alderdiek jendaurrean eta aho batez adierazi dute emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarrera agertuko dutela beti: “Horrelako gertaerak ez ditugu gure gizartean onartzen, eta erakunde, elkarte eta herritarrok lanean jarraituko dugu, emakumeok indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen”.
EH Bilduk, Podemosek eta EAJk argi utzi dute mugimendu feministaren adierazpena eta mobilizazioak babestu eta haiekin bat egingo dutela: “Emakumeen aurkako indarkeria matxista gehiagorik ez!”.
