Ekialdebuseko "murrizketak" salatzeko, sinadura bilketa eta mobilizazioak San Pedron eta Trintxerpen
Ostiralean elkarretaratzeak egingo dituzte San Pedron eta Trintxerpen. Sinadura bilketarekin ere hasi dira.
Ekialdebusen ibilgailu bat, Trintxerpen. San Pedroko eta Trintxerpeko herritar talde batek sinadura bilketa hasi eta mobilizazioak egingo ditu, urriaren 1ean indarrean jarri ziren Ekialdebusen zerbitzuetan “murrizketak” izan direla salatzeko. Mobilizazioak ostiralean (hilaren 23an) izango dira, bi elkarretaratze: 19:00etan San Pedroko Esnabide kaleko geltokian, eta 19:30ean Trintxerpeko Gudarien plazako geltokian. Sinadurak ere bilduko dituzte bertan.
Herritarrek azaldu dute E07 linean (urriaren 1etik OR09 izena du) 07:10 eta 08:45 artean ez dela autobusik. E09 linean (haren izena orain OR05 da), berriz, 15 minutueroko maiztasuna galdu egin dela esan dute, eta gainera, ordutegi tartearen arabera maiztasun hori aldatu egiten dela. E79 gaueko linean (orain OR45G da), gainera, maiztasuna ordubeterokoa izatera aldatu dela adierazi dute.
Protestekin nahi dutena da aldaketa horiekin atzera egin dezala autobus bidezko garraio publikoa kudeatzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiak, “eta gutxienez, aurreko egoerara itzul daitezela autobus horiek”.
