Bertako espezieen baso naturalak berreskuratzea helburu
Lurgaia Fundazioak baso naturalen bidez baso jabetza pribatua sustatzeko jarduerak aurkeztuko ditu ostegunean; Lurgaia Fundazioko Jon Hidalgok hitzaldia emango du.
Espezie autoktonoen baso naturalak berreskuratzea eta kontserbatzea du helburu Lurgaia Fundazioak. Horri begira dihardu lanean irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuak, bioaniztasunaren kontserbazioan eta natura ondarearen kudeaketa sustatuz: espeziek, habitat naturalak, lotutako prozesu ekologikoak eta paisaia ditu langaiak.
Sortu zenetik Lurgaia Fundazioak, milioi laurden zuhaitz baino gehiago landatu ditu, eta ia 1.000 hektarea baso lur kudeatzen ditu hainbat zaharberritze prozesutan. Hori guztia 24 urtean egin du. Laburbilduz, Lurgaia Fundazioak lurrak eskuratzen ditu borondatezko dohaintzaren bidez, salerosketaren bidez, edo jabeekin egindako lagapen hitzarmenen bidez. Titulartasunari eusten diote horiek, baina lurzoruaren erabilera jasangarria bermatzen dute: natura, kultura, eta paisaia balioak kontserbatzea eta berreskuratzea, alegia.
Lurgaia Fundazioko Jon Hidalgok egiten duten lanaren berri emango du lehen eskutik ostegunean, hilaren 22an, 18:30ean hasita Reina aretoan. Baso finkak berreskuratzeko egiten duen lana aurkeztuko du, espezie autoktonoen baso naturalak berreskuratzeko eta kontserbatzeko.
Hitzaldia hilaren 16an hasi eta 25era arte egiten ari den Asteklima, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako klima eta energiari buruzko astearen barruan antolatu dute; Errenteriako Udala aktiboki ari da parte hartzen aste horretan.
Lurgaiak eskainiko duen hitzaldiaren aurretik Naturtzaindiako Iñaki Aizpuruk Errenteria-Oreretako habitat naturalen mapa berria aurkeztuko du. Horren barruan, udalerriaren errealitate ekologikoa , basoak, ibaiak, larreak, harkaitzak, padurak, belardiak… eta udalerriko natura leheneratzeko erronka berriez ariko da.
