Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak nahi dituzte
Indarkeria matxistak emakumeen bizitzetan dituen ondorioez hausnartzera deitu du Euskal herriko Emakumeon Mundu Martxak.
Angeluko erailketa matxista salatzeko elkarretaratzea. Amorrua eta mina, berriro. Euskal Herriko hamaika udalerritan kalera atera ziren atzo Angelun izandako hilketa matxista salatzera; hala egin zuten atzo arratsaldean ere Errenteria-Oreretan, Clara Rangel plazan, zehazki. Angelun indarkeria matxistak hil duen emakumea gaztea —19 urte zituen— Euskal Herrian matxismoak hiltzen duen bosgarrena da urtea hasi zenetik. 36 urteko gizon batek bortxatu eta egun gutxira egin zuen bere buruaz beste emakumeak; bortxaketa salatu zuen. Gertakariaren aurrean, hausnarketa ezinbestekoa jo zuen mugimendu feministak, “indarkeria matxistak emakumeon bizitzetan eta ongizatean dituen ondorioez hausnartzera behartzen gaitu, baita indarkeria horren adierazpenak eta ondorioak aztertzera”.
Emakumearen senide, lagun eta gertukoei elkartasun eta babes osoa erakutsi zieten atzo elkarretaratzera bildutakoek.
Mezu argia eta irmoa atzoko protestan, “ez dugu haren heriotza indarkeria matxistaren testuingurutik kanpo ulertu nahi”. Gertaera aztertzeko deia berriro, eta horrekin batera indarkeria matxistak emakumeen bizitzetan duen eragina “erdigunean” jartzeko beharra nabarmen jarri zuen mugimendu feministak. Indarkeria matxistak aurpegi ugari dituela, “bai eta ondorio ugari ere” gogorarazi zuen, bestalde: “Zisheteropatriarkatuak emakumeon bizitzak baldintzatzen ditu, gure gorputzen eta erabakien gaineko kontrola ezartzen du; ezinbestekoa da horiek ikuspegi feministatik aztertzea”. Hori horrela, emakumeen bizipenak, sufrimendua eta bizitzeko baldintzak “erdigunean” jartzea exijitu zuen.
Salaketen zakuan hainbat komunikabideren jarrera sartu zuen mugimendu feministak atzoko protestan gainera. Izan ere, indarkeria matxista arrazakeria eta diskurtso xenofoboak zabaltzeko baliatzea egotzi zien, “ezin da emakumeon mina eta sufrimendua gorrotoa hauspotzeko erabili. hedabideei exijitzen diegu erantzukizunez joka dezatela, indarkeria matxistaren larritasuna erdigunean jar dezatela, eta arrazakeria normalizatzeari utz diezaiotela”.
Ardura eskatu zuen eragile feministak halaber atzoko elkarretaratzean, eta erakunde publikoak kokatu ardura horren erdigunean, “prebentzioa, arreta integrala eta laguntza egokia bermatzeko ardura dute. Horrek sexu indarkeria salatzen duten emakumeen beharrak erdigunean jartzea eskatzen du, laguntza psikologikoa eta soziala eskuragarri izatea eta prozesu osoan zehar babesa eskaintzea”. Puntu horretan, emakume gazteak salatutako sexu indarkeriaren aurrean zer arreta eta babes eskaini zitzaizkion argitzea eta emakumeen beharrei erantzuteko baliabideak bermatzea eskatu zuten. Hitzetatik ekintzetara jauzi egitea exijitu zuen mugimendu feministak, “ez baita nahikoa indarkeria gaitzestea, baliabideak, arreta eta benetako konpromiso politikoa behar dira”.
Interpelazio zuzena gizonei, halaber, haien erantzukizuna har dezaten, “zuen isiltasuna konplizitatea da. apurtu itun patriarkalak, utzi gure bizitzak kontrolatzeari eta hasi zuen pribilegioak eta indarkeria mekanismoak deseraikitzen”.
Protokoloa aktibatzearen garrantzia nabarmen jarri zuen mugimendu feministak, “erantzun kolektiboa baita gure indarra. Indarkeria matxistaren aurrean erantzun kolektiboa ezinbestekoa da; gure indarra antolakuntzan, elkartasunean eta kalean dago”.
Ezinbestekoa den autodefentsa feministari keinua azkenik mugimendu feministak atzoko elkarretaratzean. Enegarrenez esan zuen ez direla biktimak, subjektu politikoak direla, eta autodefentsa feminista ez dela soilik norbera defendatzea, emakumeen arteko aliantzak eraikitzea baizik. Helburua eta bidea argi ditu mugimendu feministak: “Emakumeon bizitza eta ongizatea erdigunean jarriko dituen gizartea eraiki nahi dugu, indarkeria matxistaren adierazpen guztiak identifikatu eta horiei erantzuteko gai izango dena. Horregatik antolatzen eta borrokatzen jarraituko dugu, emakumeon askatasuna eta bizitza duina defendatzeko”.
