IV. Berdintasun Planaren zirriborroa osatu nahi du udalak
Berdintasun arloko politikak zehazteko herritarren parte hartzea eskatu du udalak. Horregatik, batzarrera deitu ditu lezoarrak hilaren 26rako.
Lezoko Udalak 2026aren hasieran hasi zuen IV. Berdintasun Plana prestatzeko prozesua. Aurreko planaren ebaluazioa eta udalerriaren egoeraren diagnostikoa egin ondoren, jada plan berrituaren zirriborroa prest du udal erakundeak. Behin-behineko agiriak, ordea, herritarren ekarpena behar duela uste du, eta horregatik batzarrera deitu ditu lezoarrak hilaren 26rako (astelehena), 18:00etan, Kultura Aretoan: egindakoa partekatu eta kontrastatu nahi du udalak, osatzeko.
Elhuyarren gidaritzapekoa izango da batzarra, bi ordu ingurukoa denera; herritar denei irekia da. Hala, planaren zentzua eta egindako lanketa aurkeztearekin batera, haren helburuak eta lanerako egiturak ere azalduko dituzte. “Horrez gain”, adierazi du udalak, “bertaratutakoen iritziak eta ekarpenak jasoko dira, dokumentua Lezoko errealitatera ahalik eta gehien egokitzeko eta lan ildo errealak eta beharrezkoak ezartzeko”.
Udalaren ustez herritarren esperientziak, ikuspegiak eta proposamenak kontuan hartzea “funtsezkoa” da berdintasunaren aldeko neurriak era partekatuan lantzeko, “eta udalerriko beharrei erantzungo dien plana osatzeko”.
