Seme-alaba baten galeraren dolua, Lezoko Zinema Ttikian
Larunbateko Lezoko Zinema Ttikiaren saioan 'Aitatxo' dokumentala emango dute familien tartean. Aurretik, 'Gurenagi familiaren errezetak' animazio filma izango da.
'Aitatxo' dokumentalaren promoziorako irudia. Mamitsua izango da Lezoko Zinema Ttikiaren urriko saio bikoitza. Larunbat honetan (hilaren 24an) lehenik eta behin haurrentzako animazio film bat emango dute Gezala Auditoriumeko pantailan, 17:00etan: Gurenagi familiaren errezetak. Ondoren, familientzako saioan, Aitatxo dokumentalari emango diote tartea (19:00).
Anakotz Lasartek zuzendutako dokumentalean seme-alaba baten galeraren doluaz hitz egiten da, lau aitaren begiradatatik. Hala, horietako bakoitzak egoera horri nola egin duen azaltzen du, eta ikus-entzunezkoaren sinopsian jasota dago “aiten sufrimendua eta dolu eskubidea” plazaratzen dituela, “gizarteak duen genero begirada apurtuz, amak gutxietsi gabe, aitei hitza emanez eta esperantza mezu bat zabalduz”.
Aitatxo-ren emanaldiaren ondoren Lasarte zuzendariak berak eta dokumentalean parte hartu dutenek euren bizipen eta testigantzak emango dituzte Gezalan zuzenean.
