Peñascal Kooperatibaren Errenteria-Oreretako zentrora bisita
Egoera zaurgarrian edo gizarte zein lan bazterkeria jasateko arriskua duten pertsonak gizarteratu eta laneratzen dihardu kooperatibak.
Oarsoaldea Garapen Agentziako, Errenteriako Udaleko eta Don Bosco ikastetxeko hainbat ordezkarik Peñascal Kooperatibaren Errenteria-Oreretako zentroa bisitatu dute. Egoera zaurgarrian edo gizarte zein lan bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko zer nolako lana egiten duen kooperatibak lehen eskutik ezagutzeko aukera izan dute. Lan hori Errenteria-Oreretan, Gipuzkoan zein beste lurraldeetan ere egiten du Peñascalek.
Inklusio soziala eta laborala ditu helburu kooperatibak, eta horretarako prestakuntza profesionala, lanerako orientazioa eta laneratzea errazteko baliabideak eskaintzen ditu, pertsonen gaitasunak eta aukerak indartzeko. Errenteria-Oreretako zentroa, Masti-Loidi industrialdeko Sarea eraikinean dago, eta ostalaritza, iturgintza eta elektrizitatearen arloetako prestakuntza jarduerak garatzen ditu.
Bertan egiten duten lana ezagutu dute bisitaren bidez, baina horretaz gain, tokiko beste eragile sozioekonomiko eta hezitzaileekin lankidetzan aritzeko aukerak aztertu dituzte.
